Euskal presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea eskatu dute Eguberri bezperan

Uztarria.eus 2018ko abe. 24a, 20:56

Azpeitiko Kalerak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, abenduak 24, ehundik gora lagunek, plazan. Urtero egin ohi duten gisan, mahai huts baten bueltan elkartu dira kontzentraziora batu diren lagunak, etxetik urrun dauden presoak, iheslariak eta deportatuak gogoan. Txalaparta doinuz hasi dute ekitaldia Kalerako kideek, eta aipamena egin diote Jose Miguel Beñaran Argalaren hilketaren 40. urteurrenari. Abenduaren 21ean 40 urte bete ziren hura hil zutela. Horren ostean, Euskal preso, iheslari nahiz deportatu guztiak Euskal Herriko kaleetan libre nahi dituztela aldarrikatuko dute: "Gabonetan, senide eta lagunen artean izan behar dute, aulki nahiz ohe hutsak betez. Herri honek konponbidea behar du, eta horretarako ezinbestekoa da bi estatuek urratsak egitea. Beste espetxe politika bat martxan jarriz, euskal preso guztiak etxean izatea ahalbideratuko duena". Hator, hator abestia kantatuz eman diote bukaera ekitaldiari, Azpeitiko zein Euskal Herriko  presoak, iheslariak eta deportatuak etxeratzea eskatuz.