Alex Aizpuru 'Kaxe' fitxatu du Ponferradina taldeak

Uztarria.eus 2018ko abe. 17a, 16:56
Alex Aizpuru 'Kaxe' Ponferradinaren zelaian. (Ponferradina)

Espainiako Bigarren B Mailako taldeak neguko merkatuan fitxatu du aurrelari azpeitiarra. Denboraldia hasi zenetik Bahraingo Erresumako East Riffa taldean aritu da azpeitiarra. Gaur, astelehena, egingo du lehen entrenamendu saioa Jon Perez Bolok zuzentzen duen Leongo taldearekin.

Alex Aizpuru Kaxe (Azpeitia, 1994) futbolariak Ponferradina taldean jokatuko du datozen hilabeetan; izan ere, Espainiako Bigarren B Mailako taldeak neguko merkatuan fitxatu du aurrelari azpeitiarra. Gaur, astelehena, egingo du lehen entrenamendu saioa Jon Perez Bolok zuzentzen duen Leongo taldearekin. Ponferradina sailkapeneko lehen postuan da gaur egun.

Orain arte Bahraingo Erresumako East Riffa taldean aritu da azpeitiarra. Joan zen uztailean joan zen Asiara, talde hark fitxatu ostean, eta orain arte talde horrekin jokatu du Bahraingo Erresumako Lehen Mailan.

2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen Kaxe joan zen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean.