Inpernue elkartearen 75. urtemuga dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte sozidadeko kideek datozen egun eta hilabeteetarako. 1944an zabaldu zuten elkartea, eta urteurren borobila askotariko ekintzekin ospatuko dute, hala nola txotx irekierarekin, upategira irteerarekin, bakailao txapelketarekin nahiz bertso afariarekin.
Aurreneko ekitaldia ostegunean, abenduaren 20an, izango da. Txotx irekiera egingo dute, eta afaria ere bai, txistulariekin, bertsolariekin nahiz trikitilariekin. Gainera, ohorezko bazkideei omenalditxoa egingo diete; tartean, Ramon Ibarmia elkartearen sortzaileari. Datak zehaztu gabe badituzte ere, beste zenbait ekintza ere prestatu dute dagoeneko: martxoan Errioxako upategi batera bisita egingo dute; ekainean Getariako txakolindegi batera; irailean bakailao txapelketa, mus txapelketa eta Azketa ahots taldearen emanaldia egingo dituzte; eta azaroan bertso afaria izango da.