Ikasberriko ikasleek bigarren saria eskuratu dute Aniztasunetik Eraikiz bideo lehiaketan

Uztarria.eus 2018ko abe. 11a, 14:21

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna eta giza eskubideen aldarrikapenaren 70. urtemuga izan zen atzo, abenduak 10. Urteurrenaren harira, Aniztasunetik Eraikiz programa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko hamar ikastetxetan, eta parte-hartzaileen artean izan da Azpeitiko Ikastola Ikasberri. Egitasmoaren barruan, DBH4ko ikasleek hainbat ekintza egin dituzte irailetik abendura bitartean. Lan guztiak amaitzeko bideo bat egin behar izan dute ikasleek, eta parte hartu duten eskola guztien artean lehiaketa egin dute. Hiru hezigunek aurkeztutako lanak saritu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horietako bat da Ikasberri. Hain zuzen, Azpeitiko ikasleek lehiaketaren bigarren saria eskuratu dute. Atzo, astelehena, egin zuten sari banaketa Donostiako Kursaalean, eta bertan izan ziren Ikasberriko ikasleak. Foru Aldundiak azaldu duenez, lan guztien artean, "bereziki" LGTBI+ pertsonen eta etorkinen egoerarekin lotutako istorioak jaso dituzte egitasmoan parte hartu duten ikasleek. Ikasberriko ikasleen bideoa, hemen.