Zapatuan Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin dute pentsiodunek

Uztarria.eus 2018ko abe. 10a, 13:37

Astelehenero bezala, herriko dozenaka jubilatu eta pentsiodun elkartu da gaur eguerdian plazan, pentsio duinak aldarrikatuz. Gaurko elkarretaratzea datorren zapatuan Donostian egingo den manifestaziorako deia egiteko ere baliatu dute azpeitiar pentsiodunek. Pentsio publiko eta duin baten alde. 1.080ko pentsio gutxiengoa. Geure sistema propioa leloak jasotzen zituen pankartaren atzean elkartu dira Azpeitiko Pentsiodunen Plataformaren deialdiarekin bat egin dutenek; eta, gainera, eskuetan zituzten Adineko Elkarteen Plataformak eta Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak deituta hilaren 15ean pentsio duinen alde egingo den manifestazioaren kartelak. Donostiako Alderdi Ederretik abiatuko da zapatuko mobilizazioa, 16:30ean, eta Azpeitiko jubilatuak eta pentsiodunak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte gaurko elkarretaratzean.