Asier Tejadok irabazi du XII. Slalom proba

Uztarria.eus 2018ko aza. 27a, 10:33

Asier Tejadok (Demoncar) irabazi zuen zapatuan Landetako Antzibarrena industriagunean jokatutako Slalom probaren XII. edizioa. Durangaldea Racing elkarteko kidea da Tejado, eta lau zatietako denboren batez bestekoari esker (00:01:06.881) sailkatu zen lehen postuan. Bigarren Turbo Competicion taldeko Sergio Reigadas (JB Racing CarCross) izan zen; hark minutu bat eta bederatzi segundo pasatxoko batez besteko denbora lortu zuen. Hirugarren, berriz, Usansolo Racing taldeko Aritz Aznar (BMW E36) izan zen (00:01:12.498). Sailkapeneko lehen azpeitiarra Lagun-Artea taldeko Iñaki Alberdi (Ford Scort MK II) izan zen (00:01:12.877).

Hasiera batean 22 lagun zeuden probarako izena emanda, baina 24k parte hartu zuten. Jende ugari izan zen Antzibarrena industriagunean proba ikusten, eta slaloma egin bitartean otarrearen zozketa zenbakia saldu zituzten Lagun-Arteakoek. Haiek jakinarazi dutenez, 9.018 izan zen zenbaki saritua.

(Argazkiak: Ion del Cid)