"Indarkeria jasan dugun emakumeok elkar laguntzen bagara, errazago egingo diogu aurre arazoari"

Uztarria.eus 2018ko aza. 25a, 15:32

Indarkeria matxista jasan ostean, Gizarte Zerbitzuetara jo duen emakume baten testigantza jaso du Uztarriak. Azpeitiko bizilaguna da bera (Azkoitia, 1984), eta indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko asmoz elkarbanatu ditu bere bizipenak. 

"Frantzian bizi nintzela hasi zen dena. Duela bi urte ezagutu nuen gerora tratu txarrak eman zizkidan gizona. Ezagutu ginenetik denbora gutxira haurdun gelditu nintzen, eta gizon hura nirekin bizitzera etorri zen orduan. Oso jeloskorra zen, baina une haietan ez nion garrantziarik ematen horri", kontatu du testigantza eman duen emakumeak. "Sarritan etortzen zen etxera mozkortuta edo drogen eraginpean. Beti oihuka ibiltzen zen, eta jarrera erasokorra erakusten zuen sarritan. Behin, indarraren indarrez, etxeko atea hautsi zuen. Hori ez ezik, behin eta berriz errepikatzen zidan aitatasun-froga egin nahi zuela, ez baitzuen sinesten gure haurra berea zenik; beste mutil batzuekin egon nintzela pentsatzen zuen. Berarekin bizitzen jarraitu nahi ez nuela esan nionean hasi ziren arazoak. Euskal Herrira itzuli nintzen, eta Azpeitian jarri nintzen bizitzen. Orduan iritsi ziren mehatxurik potoloenak. Behin eta berriz errepikatzen zidan salaketa jarriko zidala asteburuetan haurra bere eskutan uzten ez banuen, umea Azpeitira bere baimenik gabe ekarri nuela argudiatuta. Ume bila etorriko zela esateko deitu zidan egun batean, eta Udaltzaingora jo nuen orduan. Izan ere, beldurra ematen zidan haurra utziko ez niola esateak. Udaltzainei nire egoera azaldu nien, eta haiek Gizarte Zerbitzuetara bideratu ninduten. Orduan jarri nintzen harremanetan udaletxeko gizarte langileekin. Gertatutakoa azaldu nienean jaso nuen zaplaztekorik handiena: 'Tratu txarrak ez dira beti fisikoak', esan zidan gizarte langileetako batek. Eta une horretan mundua erori zitzaidan gainera". 

Tratu txarrak jasaten zituela bazekien arren, hori onartzea kostatu egin zitzaiola azaldu du: "Jakin banekien tratu txarrak jasaten nituela; kontziente nintzen. Kontu eskean aritzen zitzaidan beti, eta horrek asko eragiten zidan emozionalki nahiz psikologikoki. Bakarrik sentitzen nintzen, ordea. Gizarte Zerbitzuetara jo ostean, babestuago sentitzen nintzen, eta orduan jarri nuen salaketa". Gizarte langileen lana azpimarratu du: "Gizarte Zerbitzuetan profesional handiak daude, eta izugarrizko babesa eman didate. Nire aburuz, oso garrantzitsua da profesionalekin harremanetan jartzea. Izan ere, familiak laguntzen du, baina senideak beren iritzia ematera mugatzen dira, eta zenbaitetan, iritziek laguntza psikologikoa behar duen pertsona nahasten dute. Horregatik, egin daitekeen onena profesionalekin hitz egitea da, izugarrizko formakuntza baitute".  

Arazoari aurre egiteko irrikaz

Testigantza eman duen laguna "emakume gogorra" sentitu izan da beti, baina indarkeria matxista jasateak gain hartu ziola onartu du: "Beti sentitu izan dut emakume gogorra naizela, baina egoera honek, indarkeria jasandako emakumea naizela ohartzeak, psikologikoki birrinduta utzi ninduen. Indarkeria jasandako pertsona bat zarela jakiteak hutsaren hurrengo sentiarazten zaitu, eta autoestima lurretik uzten du". Horregatik, jasotako babesa "ezinbestekoa" izan dela kontatu du: "Familiak asko lagundu dit; ama eta ahizpa beti egon dira hor. Gizarte langileen lana ere ezinbestekoa izan da. Beti galdetzen didate zer moduz nagoen, eta psikologo lanak egiten dituzte nirekin. Ertzaintzan ere badaude horrelako kasuetarako prestatutako profesionalak. Edozein momentutan hitz egin dezakegu haiekin, eta eskerrak".

Egun, egoerari buelta emateko eta sendatzeko irrikaz dago: "Orain, psikologoarekin terapia egiten hasiko naiz, eta gustura hartuko dut. Izan ere, pertsona bezala eta emakume bezala balio dudala sentitzeko irrikaz nago. Zaila da ohartzea indarkeria jasaten duen emakumea zarela, norbaitek begiak irekitzen dizkizun arte. Une horretan bakarrik eta indargabetuta sentitzen zara; ondoren, sentipen horiei amorrua eta inpotentzia gehitzen zaizkie, eta izugarrizko korapiloa sortzen da sabelean. Horregatik, antzeko egoeran dauden emakumeei esan nahi diet, aurreneko tratu txarrak nabaritzen dituzten momentutik bertatik jartzeko harremanetan profesionalekin. Hori ez ezik, salaketa jartzera animatu nahi ditut. Prozesua luzea da, eta burokraziak ere denbora eskatzen du. Baina merezi du. Nahiz eta bakarrik sentitu, ez gaude bakarrik". 

Indarkeria jasandako emakumeek beren esperientziak elkarrekin partekatzeak eta emakumeen arteko harreman sareak sortzeak lagundu dezakeela uste du Uztarriarekin hitz egin duen lagunak. "Indarkeria jasan dugun emakumeok elkar laguntzen bagara errazago egingo diogu aurre arazoari". Azpeitiko bizilagunaren aburuz, gizartean errotuta dagoen gaitza da indarkeria matxista, eta hori irauli ahal izateko, hezkuntzatik eragitea eta emakumeak elkartzea ezinbestekoa da. "Gaur egungo neska gazte askori ez zaie larria iruditzen bikotekideak mugikorra kontrolatzea. Kontrol horren atzetik datoz tratu txarrak eta indarkeria. Horregatik, ezinbestekoa da datozen gazteak ondo heztea eta arazoaz kontzientziatzea. Indarkeria matxista emakumeei zein gizonei eragiten dien arazoa da, eta denok egin behar diogu aurre ". Emakumeak argi du: "Emakumeenganako indarkeriaren kontrako bidea egiteko dago oraindik".