Nazio auziaren eta langileriaren antolaketa politikoaren inguruko hitzaldiak itxiko du 'Hitza eta ekintza' zikloa bihar

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 10:20

Azpeitiko Gaztetxean izango da hiru solasaldiz osatutako hitzaldi sortaren hirugarrena. Nazio auzia eta klase borroka egungo politikan izenburupean antolatu dute hitzaldia Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek. Aurreratu dutenez, "klase borrokaz, Euskal Herriaz zein nazio kontzeptuaren esanahi historikoaz" solastuko dira, 11:00etan hasiko da. 

Amaitzear dira Azpeitiko Gaztetxeak eta Zestoa Gaztetxeak elkarlanean antolatutako Hitza eta ekintza jardunaldiak. Zapatuan, azaroaren 24an, izango da hiru hitzaldiz osatutako zikloaren azkenengo hitzordua. Egun horretan, 11:00etan hasita, Nazio auzia eta klase borroka egungo politikan hitzaldia eskainiko dute Gaztetxean. Jardunaldien antolatzaileek aurreratu dutenez, "klase borrokaz, Euskal Herriaz zein nazio kontzeptuaren esanahi historikoaz" arituko dira hizketan zapatuko saioan. Horrez gain, egungo testuinguru politikoa izango da hizpide Gaztetxean, eta bi gazte asanbladetako kideek azaldu dutenez, "hausnarketa teorikorako beta" ere izango da zapatuko saioan. 

Iazko azaroan egindako Ereindako hazietatik iraultza loratuz jardunaldiei jarraipena eman asmoz antolatu zuten Hitza eta ekintza hitzaldi zikloa Azpeitiko eta Zestoako gazte asanbladek, Euskal Herriko 70 eta 80. hamarkadetako mugimendu autonomoa, nazio auzia eta klase borroka ardatz hartuta. Horretarako, denbora historiko zehatzei erreparatu diete, hainbat militante eta ikerlariren eskutik. Azaroaren 3an ekin zioten jardunaldiei, Azpeitiko Gaztetxean. Egun horretan, 1966-70. Etxebarrieta anaien garaia hitzaldia eskaini zuen ETAko militante izandako Emilio Lopez de Adan Beltzak. ETAren V. biltzarreko ebazpen teorikoen zein auzi praktikoen gainean hitz egin zuen Beltzak. Azaroaren 10ean, berriz, Mugimendu autonomoa 80. hamarkadan Euskal Herrian solasaldia eskaini zuen Juantxo Estebaranz ikerlariak Zestoako Gaztetxean. Biharko hitzaldiak itxiko du hitzaldi zikloa.