Ibilbide berriarekin itzuliko da Azpeitiko Txakurkrosa abenduaren 9an

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 15:20
Azpeitiko II. Txakurkroseko argazkia. (Alex Berasategi)

Loiolako basilikaren aurretik hasiko da aurtengo txakurkrosa, eta Txalintxo nahiz Munoaundi inguruetatik igaroko da. Antolatzaileen hitzetan, "ibilbide polita" prestatu dute aurten, eta orotara, 7,5 kilometro izango ditu. Datorren zapatuan, hilak 24, parte-hartzaileei ibilbide berria erakusteko hitzordua jarri dute probaren antolatzaileek. Abenduaren 9an, helduen txakurkrosa ez ezik, haurren eta gaztetxoen proba nahiz txakurren erakustaldia izango dira Loiolan. Izen-ematea itxita dago oraindik. 

Iazko etenaren ostean, Azpeitira bueltan da txakurkrosa. Bi urtez Sanjuandegi inguruetan egin ondoren, ibilbide eta izen berriarekin dator probaren hirugarren edizioa herrira. Modu horretan, orain arte Sanjuandegiko Txakurkrosa zenak Azpeitiko Txakurkrosa izena hartu du, eta ibilbide berria dakar berekin. Abenduaren 9an izango da III. Azpeitiko Txakurkrosa, eta 10:30ean hasiko da, Loiolako basilikaren ataritik. Amarok Txakurkros Taldeak antolatu du proba, eta bertako kideek aurreratu dutenez, ibilbide berriak 7,5 kilometro izango ditu, eta Txalintxo zein Munoandi inguruetatik igaroko da. Borja Eizagirre azpeitiarra da lasterketaren antolatzaileetako bat, eta haren aburuz, bidezidorrez zein baso eta mendi bidez osatutako "ibilbide polita" prestatu dute aurten. Proban parte hartzen duten lagunek beren txakurrekin batera "inguruaz gozatzeko" aukera izango dutela uste du Eizagirrek.

Era berean, Azpeitiko Txakurkrosak lasterketa mota horretan esperientziarik ez dutenei "kirola ezagutzeko aukera" eskainiko diela uste du azpeitiarrak. Izan ere, proban parte hartzeko ez da beharrezkoa federatuta egotea. Dena den, antolatzaileek azpimarratu dute txakurkrosean parte hartzeko "ezinbestekoa" dela hainbat neurri betetzea, hala nola txakurrei dagozkien txertoak ematea eta material egokia erabiltzea. Horren harira, aurten materialaren kontrola pasatu beharko dute txakurkroseko parte-hartzaileek proba hasi aurretik. Eizagirrek azaldu duenez, parte-hartzaileek "debekatuta" dauden lepokoak erabiltzen dituzte "sarritan", eta hori horrela izan ez dadin jarriko dute materialaren kontrola, 08:30 aldera, lasterketa hasiko den lekuan.

III. Azpeitiko Txakurkrosa amaitzean, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako lasterketa laburra egingo dute Loiolako zelaietan, etxeko txikienek ere txakurrekin goza dezaten korrika egin bitartean. Haurrei zuzendutako lasterketa amaitzean, txakurren erakustaldia egingo dute Amarokeko kideek Loiolako basilikaren atarian. Leku horretan bertan egingo dute III. Azpeitiko Txakurkosaren sari-banaketa, 13:00etan hasita, eta horrekin itxiko dute abenduaren 9rako prestatutako egitaraua. Aurreko bi edizioetan bezala, Euskadiko Txakurkros Ligaren barruko proba izango da Azpeitikoa. 

Izen-ematea eta dortsalen banaketa

Azpeitiko Txakurkrosaren antolatzaileek probaren inguruko xehetasunak azaldu badituzte ere, lasterketan parte hartzeko izen-ematea itxita dago oraindik. Bi aste barru irekiko dute proban parte hartzeko epea, eta egunean bertan ere egongo da horretarako aukera. Izen-ematea aurrez egiten dutenek 15 euro ordaindu beharko dute. Aldiz, egunean bertan egiten dutenek 20 euro ordaindu beharko dute izen-ematea. Abenduaren 9an, 08:30etik aurrera egongo da izena emateko aukera Loiolaka basilikaren atarian, eta leku zein ordu berean banatuko dituzte lasterketarako dortsalak. 

Izen-ematea irekitzean jakinaraziko dituzte antolatzaileek parte-hartzaileei zuzendutako argibide gehiago. 

Ibilbide berria ezagutzeko aukera

Txakurkroserako aste batzuk falta diren aurren, datorren zapatuan, azaroaren 24an, ibilbide berria ezagutzeko hitzordua jarri dute probaren antolatzaileek. Modu horretan, Azpeitiko Txakurkroseko parte-hartzaileei ibilbidea ezagutzeko aukera eskaini nahi diete Amarokeko kideek. Zapatuan, 09:30ean jarri dute hitzordua, Loiolako basilikaren atarian. Bertaratuko diren lagunei beren txakurrak lotuta eramateko eskatu diete, inguruko bizilagunei eta baserritarrei "enbarazurik ez egiteko".