Isabel Otxoa: "Pentsioekin bakarrik ez ditugu emakumeon arazoak konpontzen"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 20a, 11:13

‘Emakumeen egoera pentsioen aurrean’ hitzaldia emango du gaur Otxoak (Bilbo, 1952) Azpeitiko Baigera Ien (16:00), Jubilatu eta Pentsiodunen Astearen egitarauaren barruan. Urola Kostako Hitza egunkariak elkarrizketa egin dio EHUko irakasle eta ekintzaileari.

Zer berezitasun du emakume pentsiodunen egoerak pentsio duinen aldeko borroka orokorraren barruan?

Normalean, pentsio baxuagoak izaten dira emakumeenak, eta asko eta asko dira soilik alarguntasun pentsioa kobratzen dutenak; eta alarguntasun pentsio asko oso baxuak izaten dira. Horiek lirateke berezitasunak ikuspegi orokorraren barruan. Baina nik azaldu nahi dudana da, pentsioekin bakarrik ez ditugula emakumeok zahartzaroan ditugun arazoak konpontzen.

Zer arazo dira horiek?

Feminismotik esan izan dugun bezala, ez dugu soldatatik bakarrik jaten. Soldatapeko lanez gain egiten ditugu emakumeok etxeko lanak, zaintza lanak... Zabaldu nahiko nukeen ideia da emakumeoi pentsioekin bakarrik ez zaizkigula asetzen ditugun betebeharrak. Soldata duin bat jaso dezakezu egiten duzun ordainpeko lanarengatik, baina ordaindu gabeko beste hainbat lan ere egiten dituzu. Zahartzaroan, lan horiek egiteko ahalmena gutxituz joaten da. Orduan, zerbitzurik ez badaukagu, inoiz ez dugu nahikoa izango pentsio batekin, nahiz eta pentsioa altua izan. Pentsiodun askok kontratatzen dituzte etxeko langileak, baina ez luxu kontuagatik, beraiek dagoeneko egin ezin ditzaketen etxeko lanak egiteko behar dituztelako baizik. Emakumeon ikuspuntutik, buelta bat eman behar zaio pentsioen kontuari. Ez dut esaten ez dugula pentsioen alde borrokatu behar, jakina borrokatu behar dugula, baina beste guzti hori gehitu behar diogu borrokari. Bestela, alferrik ari gara.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.