Emakumeenganako indarkeria salatzeko ekitaldia egingo du Basanderiek asanblada feministak igandean

Uztarria.eus 2018ko aza. 20a, 11:07
Basanderiek asanbladako zenbait emakume, iganderako deia egiteko afixarekin.

Azaroaren 25ean, igandez, egingo du Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako eguneko ekitaldia herriko asanblada feministak. Bertako kideek aurreratu dutenez, plazan egingo dute prestatu duten ekitaldia, eta 18:00etan hasiko da. Euria egiten badu Azoka Plazara mugituko dira. 

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da igandean, azaroak 25. Data horren harira, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta biolentzia horrekin amaitzea exijitzeko ekitaldia egingo du Azpeitiko Basanderiek asanblada feministak igandean, plazan, 18:00etan hasita. Eguraldiak laguntzen ez badu Azoka Plazan egingo dute ekitaldia, ordu berean.

Asanblada feministako kideek aurreratu dutenez, herriko hainbat emakumek hartuko dute parte ekitaldian, eta bertan, bat egingo dute musikak, poesiak, salaketak eta aldarriak. Basanderiekeko kideek herritarrei dei egin diete igandeko hitzordura anima daitezen: "Eguneroko ogi ditugu jasan beharreko eraso, irain eta bortxaketa matxistak. Bizi garen gizarte heteropatriarkatuari aurre egiteko unean gauden honetan, ekimen garrantzitsua prestatu dugu iganderako, eta denon presentzia ezinbestekoa izango da".