Herriko gaztetxoak ere, aktore lanetan fin

Uztarria.eus 2018ko aza. 14a, 20:21

Eskola antzerkiaren astea azken txanpan da jada. Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Errezilgo San Martin herri eskolako antzerki tailerretako ikasleen emanaldien ostean, Gazteria Saileko antzerki tailerreko gaztetxoak igo dira gaur, asteazkena, Soreasu antzokiko oholtzara. Bazkalostean, 15:30ean hasita, bi antzerki eskaini dituzte, antzokira bertaratutako ehunka lagunen begiradapean. Aurrena, Gauaren egiak izeneko obra antzeztu dute herriko aktore gaztetxoek, eta antzezlanarekin hotel batean jazotako misterioetan barna murgildu dira ikusleak zein aktoreak. Lehen obra amaitzean, Gaitz erdi izeneko antzezlana eskaini dute herriko artista gazteek. Ohikoa ez den ospitale batean kokatzen da Gaitz erdi, eta protagonistek gaitz bereziak dituzte, hala nola bihotz handiegia, geldirik ezin egona, azkura kronikoa... Gaurkoan ikusgai izan diren bi antzerkiak Alaitz Olaizolak idatzitakoak dira. Olaizolak aktore lanetan aritu diren ikasleen nahietatik abiatuta idatzi zituen obrak.