Nuarbe, Ipar Irlandako itsasoaren ispilu

Uztarria.eus 2018ko aza. 13a, 17:50
Otamendi eta Borda artxiboko irudietan.

Xabi Bordak eta Jose Luis Otamendik Checkpointa Nuarbeko itsasoan poesia emanaldia eskainiko dute bihar, 19:00etan, Orkatz kultur elkartean. Seamus Heaneyren poesiak euskarara ekarrita, liburua argitaratu zuen Bordak iazko urrian, Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan, eta egile haren poema batzuk errezitatuko dituzte biharkoan. "Irakurleari lilura moduko bat sortuko zaio zenbaitetan; Ipar Irlandakoak izan beharrean Euskal Herrian oinarritutako poemak ez ote diren pentsatuko du", azaldu du Bordak ekitaldiaz galdetuta.

Izan zitekeen Checkpointa Ipar Irlandako itsasoan Xabi Bordak eta Jose Luis Otamendik bihar eskainiko duten poesia emanaldiaren izenburua, baina herrira gerturatu dute, Azpeitira, eta Checkpointa Nuarbeko itsasoan izena jarri diote. Eta izenburu hori zergatik jarri dioten argi azaldu du Xabi Bordak: "Seamus Heaneyren poemetan Neagh lakua agertzen da, eta egileak itsasoa deitzen dio Ipar Irlandako laku handi horri. Guk, baina, gurera ekarri nahi izan dugu emanaldia, izenburua Nuarbeko urtegiarekin lotuta. Izan ere, poemetan Irlandaz ari bada ere, Euskal Herriaz ari dela dirudi, giroagatik eta geografiagatik, eta keinu txiki bat egin nahi izan dugu".

Ur masa hori, ordea, Ipar Irlanda eta Euskal Herria, edo zehatzago Azpeitia, lotzeko aitzakia baino ez da. Izan ere, Bordak azaldu duenez, Ipar Irlandako poema horiek "oso gertukoak" egingo zaizkio entzuleari iruditeria aldetik eta. "Irakurleari lilura moduko bat sortuko zaio zenbaitetan; Ipar Irlandakoak izan beharrean Euskal Herrian oinarritutako poemak ez ote diren pentsatuko du". Horrela egin du biharko emanaldiaren aurrerapena Bordak. Eta hala aitortu du: "Heaneyren poemak idazten ari nintzela hala sentitzen nuen nik, zenbait poemetan distantzia desagertu egiten zela eta neure herriko kontuak zirela".

Seamus Heaney (Castledawson, Ipar Irlanda, 1939-Dublin, 2013) idazlearen poema irakurraldia ez da ezerezetik sortu, eta idazlea ez da arrotza Bordarentzat; izan ere, joan zen urrian haren antologia euskarara ekarri eta liburua argitaratu zuen azpeitiarrak, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan. Azpeitiarraren arabera, Literaturako Nobel Saria jaso zuen "ibilbide handiko gizona" da irlandarra. "Iruditeria sortu zuen, eta munduan ezaguna da haren lana", azaldu du. "Liburu hura egin aurretik bere lanak leitu nituen, ibilbidea ere bai, eta poema esanguratsuenak ekarri nituen euskarara". Bordaren arabera, egile irlandarraren poesia landa eremutik abiatzen da, haren haurtzaroko Ipar Irlandatik. "Jendea atxurrean ageri da, landa eremuan kokatzen da, eta ibilbidea egiten du hirira, zera moderno horretara. Hor tartean agertzen da Ipar Irlandako gatazka; Belfasten-eta gatazka handia izan zen 70eko hamarkadan".

Liburua aurkeztu ondotik, baina, ez dute poema horien errezitaldirik egin, eta Orkatz kultur elkartearen 25. urtemuga aprobetxatu nahi izan dute horretarako. "Poemak, normalean, liburuetan gelditzen dira, baina emanaldiak ere ohikoak izaten dira publikoarengana gerturatzeko. Liburua aurkeztean ez genuen jendaurreko irakurraldirik eskaini, baina buruan bagenuen ekitaldiren bat egitea". Eta egingo dute: bihar izango da, 19:00etan hasita, Orkatz kultur elkartean. "Esklusiboa" izango da biharko saioa, momentuz, ez baitute errezitaldi gehiago egiteko asmorik.