40 lagunek parte hartu zuten Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. Argazki Rallyan

Uztarria.eus 2018ko aza. 6a, 10:46

Eguraldia lagun, 40 argazkilarik parte hartu zuten igandean egindako Mendiko XXIII. eta Udazkeneko XXIX. Argazki Rallyan. Antolakuntzak hala erabakita, Izarraizko Atea parkean hasi zuten parte hartzaileek ibilbidea, eta Madalenako baselizan amaitu. Parte hartzaileen artean izan ziren 13 gaztetxo. Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak argazkiak egiteko hainbat gai jarri zizkieten parte-hartzaileei: Izarraizko atea parkea, garoa, harrizko hesiak, baserrietako gurutzedun ateak eta baserriko abereak. Gainera, rallyaren aurrean indarrak hartzeko parada izan zuten bertaratutako lagunek; izan ere, Lagun Onakeko kideek hamaiketakoa prestatu zuten (Argazkian ikus daiteke hamaiketakoaren une bat).

Rallyan parte hartu zuten argazkilariak azaroaren 12a bitartean bidali beharko dituzte aukeratutako argazkiak argazkiakaae@gmail.com helbidera. Irudiekin batera partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztu beharko dute argazkilariek. Rallyko epaimahaiak erabakia hartu ostean, azaroaren 24an, zapatua, egingo dute sari banaketa ekitaldia eta irudien proiekzioa Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan (Elizkale, 21), 18:30ean hasita. 

Nagusien mailan, lehenengo hiru postuetan geratzen direnek honako sari hauek jasoko dituzte: 180 euro eta garaikurra, 150 euro eta garaikurra eta 120 euro eta garaikurra, hurrenez hurren. Herriko lehen sailkatuak 90 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta argazki onenaren saridunari 60 euro eta garaikurra emango dizkiote. 16 urtetik beherako gaztetxoen mailan, berriz, irabazleak 30 euroko txarteka eta garaikurra eskuratuko ditu, eta sailkapenaren bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen direnek, berriz, 20 euroko balea eta garaikurra eta 15 euroko balea eta garaikurra irabaziko dituzte, hurrenez hurren.