Leitu eta ibili, etengabe

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 16:13
Beatriz Aranbarri, Azpeitiko Udal Liburutegian. (Mailo Oiarzabal)

Liburuzain eta liburu zale, badu bestelako zaletasunik Beatriz Aranbarrik. "Bazterrak ikustea" du gogoko. Bere jardueraz 'bestelako' kontuez aritu zen Aranbarri Mailo Oiarzabal kazetariarekin, 2018ko Uztarria aldizkariaren Bestaldetik atalerako.

"Liburutegiko Beatriz” da azpeitiar askorentzat Beatriz Aranbarri (Azpeitia, 1963). 2002tik ari da liburuzain lanetan; Elgoibarko eta Legazpiko liburutegietan lan egin ondoren, dozena bat urte pasa daramatza Enparan dorretxeko Udal Liburutegian lanean.

Herriko Jesuitinen ikastetxean eta Institutuan ikasi ondoren, Gasteizen Geografia eta Historia ikasketak egin zituen Aranbarrik. Horiek bukatuta, Madrilera joan zen, eta han hasi zen artxibategiekin eta liburutegiekin lotutako formazioa eskuratzen: "Hango Biblioteka Nazionalean artxiboen gaineko ikastaro bat ematen zuten. Arratsaldez ematen zutenez, goizez beste ikastaro bat egiteko aprobetxatzen nuen, hango elkarte batek liburutegien gainean ematen zuena". Beka batekin itzuli zen Madrildik Azpeitira, Udal Agiritegian lan egiteko. Ondoren, Lanbide Hastapeneko eskolan ere ibili zen, administrari lanetan. Hangoak bukatu eta langabezian gelditu zenean, artxiboen eta liburutegien gaineko ikastaro gehiago egiten jarraitu zuen, eta ikasitakoak praktikan jartzen ari da azken 16 urteotan.

Liburuekin eta liburu artean hezi zen Aranbarri, eta libururekin eta liburu artean lan egiten du, baina aurretik datorkio liburuekiko eta, bereziki, irakurtzeko zaletasuna. Zaletasunen zerrendan "lehenengoetakoa" du irakurtzea. "Etxean beti egon da irakurtzeko ohitura, aitak ere asko irakurtzen zuen, eta beti eduki izan dut zaletasun hori. Beti gustatu izan zait irakurtzea, bai egunkariak –gaur egun gutxiago, hala ere–, bai liburuak. Eta ditudan ikasketekin ere, suposatzen da asko irakurri behar izan dudala", azaldu du.

"Denbora pasatzeko" irakurtzea gustatzen zaiola dio, "eta burua despejatzeko, gehien bat". Fikziozkoak dira gehien gustatzen zaizkion irakurgaiak, baina "erregistroa aldatzea" gustatzen zaio: "Batzuetan izan daiteke nobela sozial bat, beste batzuetan historikoa, eta hurrengoan intrigazkoa. Saiakeraren bat ere bai, tartean. Lanekoak ere irakurri behar izaten ditugu, noski. Baina nire denbora librean, plazererako irakurtzen dut; eta fikzioa, nagusiki".

Kirolzalea ere bada Aranbarri, kirola egin zalea, bereziki. Eta bi zaletasunak, irakurtzea eta gorputzari eragitea, bateratzen ere asmatzen du: "Bizikleta estatikoan ari naizen bitartean irakurtzen dut asko, igerilekuan. 'Zuk daukazu abildadea!', esaten didate bizikletari eraginez irakurtzen dudalako; baina, bestela ezean, aspertu egiten naiz! Gehienak hango pantailei begira aritzen dira, futbola-eta ikusten, baina niri ez zait batere gustatzen telebistan kirola ikustea; kirola egitea bai, baina ikusten egotea ez. Telefonoa edo e-booka hartu eta irakurri egiten dut, lasai-lasai, izerdi pixka bat ateratzen dudan bitartean".

Autokarabanarekin

"Kirol dezente" egiten duela dio Aranbarrik. Garai batean lasterka ere aritzen zen, baina belauna arazoak ematen hasi zitzaionetik "badaezpada, oinez". Bidaiatzea eta "bazterrak ikustea" ere asko gustatzen zaio, gertuko parajeak zein urrutikoak ezagutzea. "Txikitan, gurasoekin asko mugitzen ginen, kanpinean ere ibiltzen ginen, eta gero neu ere bai neure familiarekin. Umeak jaio arte, asteburuetan Pirinioetara joaten ginen sarri, beti ibili izan gara asko mendian. Alabak jaio zirenean, berriz, autokarabanista bihurtu ginen; aurrenarekin furgonetazale, eta bigarrena jaio zenean, autokarabanara pasatu ginen. Orain ere horrela bidaiatzen dugu. Europan asko ibili gara", kontatu du.

Hemen ere "denbora gutxian" autokarabanentzako gune asko prestatu dituzten arren, beste toki batzuetan aurkitu dituzten erosotasunetik eta zerbitzuetatik urrun gaudela iruditzen zaio. Autokarabanan mugitzeko, "Frantzia marabilla bat" dela dio. "Mediterraneo aldera, aldiz, ez gara joaten; ikusterik ere ez dut nahi. Kontrako jarrera antzematen da, eta kanpinetan sartzea nahi izaten dute". Aranbarrik, aldiz, autokarabanentzako guneen erabilera aldarrikatzen du, behar bezalako baldintzekin. "Gu, behintzat, saiatzen gara beti horrelako guneetan geratzen. Gertatzen dena da bakoitza garen bezalakoak garela eta batzuk edozein tokitan jartzen direla, trasteak kanpora aterata, eta hori ere ez da kontua". Europan autokarabanen erabilera hemen baino askoz arautuagoa dagoela kontatu du, eta Norvegia "paradisua" dela kontatu diote berari. "Ez naiz haraino ailegatu, ea jubilatzen garenean iristen garen".

Autokarabanen inguruko kontuekin bezala, ezin izaten du saihestu Aranbarrik batean eta bestean ikusten dituen liburutegi libreen itxuraz eta egoeraz alderaketak egitea. Udan Frantziako Perygorden edo Hendaian ikusi dituenekin liluratuta, Azpeitikoak antzera zainduta ikustea gustatuko litzaioke, baina... "Errespetuak, besteekiko begiruneak, askotan huts egiten digula iruditzen" zaio.