Udal eta foru hauteskundeak 2019

Nagore Alkorta izango da EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2018ko urr. 30a, 21:22
Nagore Alkorta erdian, haren aurkezpen ekitaldian.

Azpeitiarra Zuzenbidean lizentziatua da, eta Azpeitiko Udaleko administrazio orokorreko teknikaria eta giza baliabideen arduraduna da. EH Bilduk azaldu duenez, Alkortak "eskarmentua" du udal kudeaketan, eta EH Bilduren "aniztasuna" islatzen du. Zerrendaburuak adierazi du Azpeitia bezalako "herri integratzaile eta ireki" baten aldekoa dela, eta EH Bilduk urteotan egindakoaren bidean jarraitzeko asmoa agertu du. Proiektu berriei ekiteko "gogoz" aurkeztuko da hauteskundeetara.

Nagore Alkorta (Azpeitia, 1978) izango da Azpeitiko EH Bilduren hautagaia 2019ko udal hauteskundeetan. Gaur egin du koalizioak zerrendaburua aurkezteko ekitaldia Azoka Plazan, eta EH Bilduko dozenaka lagun izan dira bertan, hautagaiari babesa ematen. Alkorta Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta herri erakundeen kudeaketari lotutako graduondokoa du (EHU). 2006tik 2017ra Urnietako Udaleko idazkaria izan zen, eta 2017tik Azpeitiko Udalean ari da lanean, administrazio orokorreko teknikari eta giza baliabideen arduradun moduan. Gizarte eragileekin ere izan du harremana; izan ere, 2016an Hitzartuk egindako herri galdeketako berme batzordeko kidea izan zen Alkorta.

EH Bilduk azaldu duenez, azpeitiarrak "eskarmentua" du udal kudeaketan, eta EH Bilduren "aniztasuna" islatzen duen pertsona da. "Herritar guztiei begira lan egiteko profila duela uste dugu. Gaitasun profesional eta pertsonal handia du, taldean lan egiten badaki eta gaur egungo zinegotzi taldearen norabidearekin zein helburuekin bat egiten du", azaldu du koalizioak. EH Bilduren ustez, Alkorta hautagai "ezinhobea" da datozen hauteskundeen erronkari heltzeko. "Proiektua badugu, erronkak baditugu, eta taldea osatzeko zerrendaburu paregabea izateaz gain, gaitasun kolektibo handia dugu".

Eneko Etxeberria gaur egungo alkateak (EH Bildu) joan zen urriaren hasieran jakinarazi zuen ez zela 2019ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. EH Bilduk azaldu duenez, erabaki horren berri eman ostean hasi zen hautagai berria bilatzeko prozesuarekin. EH Bilduko herri egiturak Alkorta zerrendaburu izatea proposatu zien bere oinarriei urriaren 16ko batzarrean. Proposamena gaur egungo EH Bilduren udal taldeko kideen eta EH Bildu osatzen duten alderdi politikoen abalekin aurkeztu zuen egiturak. Gaur, asteartea, aurkezpenaren aurretik egin dute batzarra EH Bilduko kideek, eta oinarriek aho batez babestu dute Alkortaren hautagaitza.

"Ilusioz" betetako momentua

Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak Azoka Plazara bertaratutakoei, Udal Gobernuko kideei, bere hautagaitza babestu dute abalistei, oinarriei nahiz gaur egungo alkate Eneko Etxeberriari eskerrak emanez hasi du hitzartzea. Hark azaldu duenez, hainbat sentimendu "nahasi" zitzaizkion alkategai izateko proposamena jaso zuenean, ez baitzuen halako proposamenik jasotzerik espero. "Orduz geroztik, hainbat buelta eman diot buruari, neure bizitza pertsonalean erabaki honek izan ditzakeen eraginak neurtu nahian". Hala eta guztiz, Alkortak adierazi du "ilusioz" bizitzen ari den momentua dela oraingoa, alboan duen lantaldeak "asko babestu" duelako eta "asko lagundu" diolako. "Ilusioz bai, eta noski errespetuz eta erantzukizunez", azaldu du.

Azpeitiko EH Bilduren zerrendaburuak azaldu du hainbat udaletako kudeaketan egin duela lan, baina ez zuela pentsatzen gauzak aldatzeko aukera izango zuenik. Horri lotuta, azpimarratu du Azpeitiak "aldaketa asko" izan dituela azken urteetan eta gauzak "ondo" egin direla: "Herri ireki, parte-hartzailea eta bizia da Azpeitia". Alkortak uste du udala eta herritarrak elkarren arteko zubiak eraikitzen aritu direla, eta erakundeak elkarbizitzaren bidean urrats garrantzitsuak eman dituela gogorarazi du. Zerrendaburuak adierazi du Azpeitia bezalako "herri integratzaile eta ireki" baten aldekoa dela, eta horretan sinesten duela: "Eremu horretan ekarpen bat egin dezakedala uste dudalako erabaki du Azpeitiko alkateratzarako hautagaitza onartzea. Herritar guztiengandik gertu dagoen eta politikan murgilduko den beste herritar bat izango naiz; bizikidetzan sinesten duena, inor baztertu gabe".


Alkortak EH Bilduk urteotan egindakoaren bidean jarraitzeko asmoa agertu du. Haren arabera, egungo Udal Gobernuaren lekukoa hartu eta ibilbide eta proiektu berriei ekiteko gogoz aurkeztuko da udal hauteskundeetara. Dena den, herriko gizarte beharrei ahalik eta erantzun zabalena ematen saiatuko direla ere gaineratu du. Gaurko aurkezpenean azaldu duenez, maiatzera bitartean "lan asko" dute egiteko, eta gogorarazi du programa eratzeko "beharrezkoa" izango dela norbanakoen nahiz eragileen parte hartzea. "Proiektu honetan sinesten duen eta lan egitea nahi duen oro gonbidatuta dago parte hartzera".