'Orain presoak' manifestazioarekin bat egin dute Urola Kostako LABeko delegatuek

Uztarria.eus 2018ko urr. 19a, 20:58
Urola Kostako LABeko delegatuak Zarautzen elkartu dira gaur, biharko manifestazioari babesa adierazteko. (LAB sindikatua)

"Gatazkaren konponbidearen bidean beharrezko eta lehentasunezko pauso gisa ulertzen dugu preso politikoen aferarekin bukatzea", adierazi dute, bihar Donostian egingo den mobilizaziorako dei eginez.

Orain presoak giza dinamikarekin bat egin dute Urola Kostako LAB sindikatuko delegatuek. Hala, bihar, larunbata, Donostian egingo den manifestaziorako deia egin dute. 17:00etan hasiko da mobilizazioa, Donostiako Antiguako tuneletik.

"Gatazkaren konponbidearen bidean beharrezko eta lehentasunezko pauso gisa ulertzen dugu presoen aferarekin bukatzea", adierazi dute LABeko eskualdeko ordezkariek. Gaineratu dute, behin betikoz "egoera irauli eta honekin bukatu" behar dela. Horregatik, eskualdeko pertsona guztiak, eta bereziki langileak, "auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lan egitera" deitu dituzte.

Urola Kostako LABeko delegatuek "prekarietaren kontra, lan osasunaren alde eta orokorrean langileen eta herriaren alde borrokan" jarraituko dutela azpimarratu dute. Horrez gain, "determinazio osoz" preso eta iheslarien eskubideen alde ere lan egingo dutela adierazi dute. Horregatik, biharko manifestaziora deitu dute: "Langileon askatasunerako herri aske bat behar dugulako eta ez delako herri askerik izango preso politikorik dagoen bitartean".