Xiriako Gurrutxagari eskainitako eskultura jarri dute Nuarbeko frontoian

Uztarria.eus 2018ko urr. 7a, 16:32

Xiriako Gurrutxaga zenari eskainitako eskultura izango da gaurtik aurrera Nuarbeko frontoian; 2012an, haren ohorezko sakearekin inauguratu zuten pilotalekua. 2017ko urriaren 11n hil zen Nuarbe ezizenarekin zesta-puntan ibilbide oparoa egin zuen nuarbetarra, eta haren heriotzaren urtemugaren bezperetan, Gurrutxagaren gertukoek eta herrikideek, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, haren omenezko eskultura jarri dute. Gurrutxagaren lagun min Juan Mari Etxeberriak egin du irudia.

Jendetza bildu da gaurko inaugurazio ekitaldian. 11:00etan, meza izan da Nuarbeko elizan, eta hura amaitzean inauguratu dute eskultura. Xabier Gurrutxaga auzo alkateak aurkeztu du ekitaldia; nabarmendu du Xiriako "oso estimatua" zela Nuarben, eta horren isla dela gaurkoan hainbeste jende elkartu izana. "Kirolari ona baldin bazen, pertsona askoz ere hobea zen, eta horregatik gaude gaur hemen. Xiriakok benetan merezi zuen hau", azaldu du.

Segidan, eskulturaren egileak hartu du hitza: "Hasteko, maketa bat egin nuen pilotari baten antzeko irudiarekin, eta Xiriakoren familiako bati esan nion irudi hori kale izkinan jarriko genuela. Hark erantzun zidan ezetz, frontoian jarri behar genuela irudi hori". Auzo alkatearen eta Azpeitiko Udalaren baiezkoa jasota, lanean hasi zen Etxeberria, atzo goizean eskultura frontoian kokatu zuten arte. "Nuarberen eta Azpeitiaren izena mundu guztian zabaldu zuen Xirakok merezi zuen berari zerbait egitea".

Ondoren, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hitz egiin du. "Pena da Xiriako ez egotea bere omenaldian. Oso estimatua zen Nuarben nahiz Azpeitian, Olatzekin batera. Gauzak ondo egin zituen seinale da gu denok gaur hemen egotea. Xiriakoren sinboloa hemen jarrita, Nuarbeko herritar guztiek omendu dute".

Amaitzeko, familiako kide batek eskerrak eman dizkie eskulturaren egileari, Nuarbeko herritarrei eta Azpeitiko Udalari egindako lanagatik. Gero, Haritz Garmendiak idatzitako bi bertso abestu ditu Iñaki Altunak, eta agurra dantzatu dute bi dantzarik.

Omenaldiaren ostean, Ilunpe elkarteko pilotari gaztetxoek partida jokatu dute frontoian –Sarasua eta Egiguren Ziarsoloren eta Azkueren kontra aritu dira–, eta bertaratu diren guztiek mokadua egiteko aukera izan dute soziedadean.