Fabian Mohedano: "Lortu behar dugu pertsonek egunerokoan zer egin beren kabuz erabakitzea"

Uztarria.eus 2018ko urr. 5a, 20:03

Fabian Mohedano, Azpeitiko udaletxeko erlojuaren azpian. (Maialen Etxaniz)

Denbora neurtuz egitasmoaren harira, Berdintasunerako tresna berria izenburupean solasaldia eskaini zuen Fabian Mohedanok asteartean, Sanagustin kulturgunean. Katalunian sortutako Reforma horaria ekimenaren sortzailea eta sustatzailea da Mohedano. Haren aburuz, lana eta denbora erabat erlazionatuta daude, eta uste du ordutegien erreforma ezinbestekoa dela pertsonen ongizatea hobetzeko. 

Zertan datza ordutegien erreformak?

Gure denbora askatasun gehiagorekin kudeatzeko asmoz ordutegiak aldatzea bultzatzen duen ekimena da Reforma horaria. Izan ere, gure ordutegi ohiturak munduko gainontzeko herritarren ordutegiekin eta erritmo ordenatuago batekin sinkronizatzen baditugu, denborari denbora irabaziko diogu, eta, azken finean, osasunean eta bizi kalitatean irabaziko dugu. Ordutegien erreformak gizalegezko ordutegi ohiturak izan ditzagun bultzatzen du. Horrez gain, pertsonen arteko berdintasuna, harreman egokiak izateko ahalmena, eta, batez ere, gure osasuna eta ongizatea indartzen ditu.

Zergatik uste duzu erreforma sustatu behar dela?

Estralurtarrak izango bagina bezala bizi garelako Lurrean. Ez dago beste herrialderik 15:00etan bazkaltzen denik, 22:00etan afaltzen denik, bi ordu gutxiago lo egiten denik, goizeko lehenengo orduan beharrean bazkalorduan gosaltzen denik edota lanaldi amaigabeak dituztenik.

Nolatan hasi zinen egitasmoa sortzen? Non du jatorria?

Duela 20 urte baino gehiago, esploratzaileen kanpaleku batera joan nintzen. Han nintzela, harritu egin ninduen suediarrentzat larunbata asteko beste edozein egun bezalakoa dela ikusteak. Urte batzuetara –ordurako heldua nintzela–, konturatu nintzen gure auzoan zegoen elkarte politikoa gazteek eta aiton-amonek osatzen zutela. Non zegoen nire adineko jendea? Lanean edo senideak zaintzen. Bi une horiek mugarri izan ziren. Une haien ostean egindako hausnarketak bultzatu ninduen ordutegien erreforma diseinatzera eta proiektua hamabost adituri azaltzera. 

Zer pauso eman dituzue Katalunian? Zer aldaketa egin dituzue?

Azken lau urteetan gogor egin dugu lan ordutegien erreformaren alde. Aldaketa azkartzen lagundu dezaketen erakunde nagusiek Ordutegien Erreformarako Ituna sinatu zuten 2017ko uztailaren 17an.

Egitasmoaren helburuetako bat da herritarrek denbora askatasun gehiagorekin kudeatzea. Gaur egun, pertsonek zergatik ez dute denbora kudeatzeko nahikoa askatasun?

Gauza bat da denbora librea izatea, eta bestea da denbora libre edukitzea. Lortu behar dugu pertsonek egunerokoan zer egin beren kabuz erabakitzea. Agian, hori litzateke erronkarik handiena mende bukaerara bitartean. 

Denborak sistema kapitalistan jokatzen duen funtzioa aztertzen du Cosima Doromitzerrek Ladrones del tiempo dokumentalean. Honako hau da dokumentalaren mezu nagusia: zure denbora, haien negozioa. Zer hausnarketa egiten duzu horren inguruan?

Ekonomia krisitik irteten ari garen testuinguru honetan, ongizatera gerturatuko gaituzten bektoreak behar ditugu, eta badirudi neurri edo bektore horietako bat dela ordutegia. Jakin badakigu gaur egungo ordutegiek ezberdintasun egoerak sortzen dituztela gizartean. Denbora modu orekatuagoan banatzeko neurriak hartzea ongizate estatua berreraikitzeko modu bat da. Guztiok bizi gara 24 orduz, baina guztiok ez gara modu berean bizi. Horregatik, premiazkoa da ordutegien erreforma ezartzea, harreman, osasun zein ongizate maila hobetzeko.

Aristotelesek dio: "Mugimendu baten aurreko eta ondorengo zenbakiaren araberakoa da denbora". Marxek, aldiz: "Lana mugimendua denez, bere neurria da denbora". Zer lotura dago lanaren eta denboraren artean?

Erabatekoa. Gaur egun, lanak gure denboraren zati handi bat hartzen du, betiere lana duten pertsonen kasuan, noski. Gainera, teknologia berriek hautsi egin dute lanaren, atsedenaren eta aisiaren arteko marra gorria. Izan ere, egon gaitezke lanean eta aldi berean oporretara joateko hegazkineko txartela erosten. Edota egon gaitezke 3.000 kilometrora dagoen irla galdu batean laneko mezu elektronikoak erantzuten. 

Zer da denbora galtzea eta zer denbora aprobetxatzea? 

Denbora galtzea beharrezkoa da. Ikasi egin behar dugu denbora galtzen. Agian, denbora kalitatez galtzen ikasiko bagenu, denbora gehiago apeobetxatzen ikasiko genuke. Atseden orduak eta gero esnatzen da sormena.

Erlojurik erabiltzen al duzu?

Mugikorraren esklabu naiz.