Txisteratik Egun Magikorako sarrerak plazan salduko dituzte gaur arratsaldean

Uztarria.eus 2018ko urr. 4a, 12:26
Iazko Txisteratik egunean jarri zuten karpako saioetako bat.

18:30etik 20:00etara izango da etziko galarako eta, batik bat, karpa magikoko saioetarako txartelak eskuratzeko aukera.

Etzi egingo dute herrian Txisteratik Egun Magikoaren hirugarren edizioa. Eguerditik iluntzeraino, magoek eta magia ikuskizunek hartuko dituzte Azpeitiko kaleak eta Soreasu antzokia. Aurten ere hiru atal nagusi izango ditu magiari eskainitako egunak: gertuko magia saioak egingo dituzte magoek kalean eta tabernetan 12:30etik aurrera; aurten westernetako saloon itxura hartuko duen karpa magikoan bost saio eskainiko dituzte (13:00etan, 13:30ean, 17:00etan, 17:30ean eta 18:00etan); eta Soreasun 19:00etan hasiko den Gala Nagusiarekin bukatuko dute eguna.

Karpako saioak zein Gala Nagusia ikusteko sarrera ordaindu behar da. 3 euro balio du karparako sarrerak, eta galarakoak 10 (14 urtetik gorakoentzat) eta 6 eurotan (14 urtetik beherakoentzat) ari dira saltzen. Kulturaz.eusen eta Sanagustin kulturgunean egon da eta dago sarrerak erosteko aukera. Baina gaur, gainera, herriko plazan ere jarriko dituzte salgai, galarako batzuk, baina batik bat karpako saioetakoak. 18:30etik 20:00etara jarriko dute salmahaia plazan Txisteratik taldekoek.