'Denbora neurtuz' egitasmoaren barruan, ordutegiaren erreforma izango dute hizpide gaur Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko urr. 2a, 12:09

Reforma horaria ekimenaren sustatzaile Fabian Mohedanok eskainiko du hitzaldia. Reforma horariaren xedea da herritarrak beraien denbora "askatasun handiagoarekin" kudeatu ahal izatea.

Denbora neurtuz egitasmoaren harira, Berdintasunerako tresna berria izenburupean solasaldia eskainiko du Fabian Mohedanok Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Mohedano Reforma horaria ekimenaren bultzatzailea da. Egitasmoaren helburua da herritarrek "ordutegi egokiagoak" izatea eta denbora "askatasun handiagoarekin" kudeatu ahal izatea. "Emakume eta gizonen arteko berdintasuna ahalbidetzen duten ortegiak eta harreman, osasun zein ongizate maila hobeak lortzeko aukera ematen dutenak" lortu nahi ditu Mohedanok sustatutako ekimenarekin.

Proiektuaren nondik norakoez mintzatuko da Sanagustinen. Kataluniako zenbait udalerritan aurkeztutako proiektua nahiz orain arte egindako ibilbidea ere izango ditu hizpide gaurko solasaldian.

Mohedanoren solasaldia Denbora neurtuz egitasmoaren barruan antolatutako bigarren hitzordua da. Aurrenekoan, Cosima Dannoritzer izan zen Azpeitian, Ladrones del tiempo dokumentala aurkeztenZure denbora, haien negozioa lelopean, sistema kapitalistan denborak jokatzen duen funtzioa aztertzen du dokumentalak, eta Dannoritzerek denbora eta haren gaineko negozioaz mintzatu zen Soreasun.