Kirol jardueretarako diru laguntzak eska ditzakete klubek

Uztarria.eus 2018ko urr. 2a, 12:17

Denboraldian oinarritutako kirol-modalitateei zuzendu die deialdia Udalak, eta horiek urriaren 31ra bitartean eska ditzakete diru laguntzak. Urte naturalari dagozkien modalitateek, urtarrilean izango dute laguntzak eskatzeko aukera.

Azpeitiko Udalak zabaldu du kirol elkarteek diru laguntzak eskatzeko epea, taldeek hurrengo urtean jarduerak gauzatu ditzaten. Denboraldian oinarritutako kirol-modalitateei zuzendu diete zabaldu berri duten deialdia, eta horiek 2017-2018 denboraldian oinarritutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute urriaren 31ra bitartean. 

Kirol taldeek Udal harrera erregistroan edo posta elektronikoz egin behar dituzte eskaerak. Diru-laguntzak eskatzeko inprimakia behar duten klubek, berriz, kirol sailean eska dezakete, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 00 95 telefonora deituta.

Bestetik, Udalak jakinarazi du urte naturalari dagozkien kirol-modalitateek 2019ko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak, eta horiek aurtengo ekitaldian oinarritutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.