Lore eskaintza egin diote Otaegiri Nuarbeko hilerrian, haren hilketaren 43. urteurrenean

Uztarria.eus 2018ko ira. 28a, 13:05

Atzo, Gudari Egunean, lore eskaintza egin zioten hainbat lagunek Angel Otaegiri. Ohi bezala, Nuarbeko hilerrira joan ziren Otaegiren senideak eta herritarrak, tartean Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta hainbat zinegotzi, eta Otaegiren hilobian ekitaldia (argazkia) egin zuten han bildutakoek.

43 urte bete ziren atzo Francoren erregimenak Otaegi fusilatu zuela, Juan Paredes Manot Txiki zarauztarrarekin eta FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urteurrenaren harira, hainbat ekintza egin zuten egunean zehar Azpeitian; eguerdian, esaterako, ehundik gora ikaslek elkarretaratzea egin zuten Sanjuandegiko biribilgunean, Oroimena, duintasuna eta borroka lelopean. Igandean, berriz, mendi martxa egingo dute Nuarbera. Herritarrak 09:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 12:30 aldera, ekitaldia egingo dute Nuarben bertan. Han gogoan izango dituzte Otaegi zein Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren lagunentzat.