Baigera Azpeitiko jubilatuen elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu urriaren 1erako, Jubilatuen eta Pentsiodunen Borroken Nazioarteko Egunerako.
Aurten, urriaren 1a astelehena izanik, bat egingo dute ospakizunak eta aldarriak. Izan ere, Baigerak bat egingo du Azpeitiko Pentsiodunen eta Jubilatuen Plataformak astero egin ohi duen elkarretaratzearekin. Pentsio duinen aldeko kontzentrazioak irekiko du Jubilatuen eta Pentsiodunen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitaraua. Pentsio duinen elkarretaratzea plazan egingo dute, 12:00etan hasita.
Ondoren, 13:30ean, sabelak betetzeko tartea hartuko dute, eta jubilatuen bazkaria egingo dute Azoka Plazan. Bertara joan nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena Baigeraren bulegoan, eta horretarako epea zabalik dago jada. Bazkaria 10 euro ordaindu beharko da. Bazkalosterako, aldiz, kantaldia eta dantzaldia antolatu dituzte.