Sahatsa dantza taldeko kideak Valladoliden izan dira

Uztarria.eus 2018ko ira. 26a, 11:42

Sahatsa dantza taldeko kideak Valladoliden (Espainia) izan ziren joan zen asteburuan, hango Gure Txoko Euskal Etxeak gonbidatuta. Bi egunetan hainbat emanaldi eskaini zuten, hala nola katedralaren barruan, haren aurreko plazan, kalean nahiz Valladolideko plaza nagusian. Igandean kalejiran aritu ziren dantzariak eta musikariak, eta hainbat saio labur eskaini zuten plazetan, Euskal Etxeko abesbatzak lagunduta. Igandean, bazkalostean, itzuli ziren etxera. Hala azaldu dute Sahatsakoek: "Sahatsak aurreskua eskaini zien Euskal Etxeko partaideei, eta Agur Jaunak abestu zuten guztiek malkoei eutsi ezinik". Argazki bilduma osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean ikus daiteke.