Gudari Egunaren harira hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan

Uztarria.eus 2018ko ira. 24a, 15:03

Ostegunean, Gudari Egunean, ikasleek elkarretaratzea egingo dute Sanjuandegiko biribilgunean. Arratsaldean, aldiz, Angel Otaegiren omenezko lore eskaintza izango da Nuarbeko hilerrian. Igandean mendi martxa egingo dute Nuarbera. Ondoren, herriko gudarien omenezko ekitaldia egingo dute. 

Gudari Eguna izango da ostegunean, irailaren 27an. Egun horretan, 43 urte beteko dira Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Data horren harira, herriko gudariak omentzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte ostegunean eta igandean.

Ostegunean, Gudari Egunean, ikasleek elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan hasita Sanjuandegiko biribilgunean. Arratsaldean, aldiz, Angel Otaegiren omenezko lore eskaintza egingo dute Nuarbeko hilerrian. 

Igandean jarraituko dute Gudari Egunaren harira antolatutako ekintzek. Hilaren 30ean mendi martxa egingo dute Nuarbera. Martxara animatzen diren herritarrak 09:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 12:30 aldera, ekitaldia egingo dute Nuarben bertan. Han gogoan izango dituzte Otaegi zein Pasaiako segadan hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo. Ondoren, hamaiketakoa izango da bertaratzen diren lagunentzat.