Dena prest, Jon Alberdiren debuterako

Uztarria.eus 2018ko ira. 21a, 20:20

Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) pilotariak etxean, Azpeitian, egingo du profesionaletan debuta, irailaren 28an. Joan zen astean sinatu zuen kontratua Asegarce enpresarekin, eta dagoeneko, kantxara irteteko gogoz dago azpeitiarra. Izarraitz pilotalekuan jokatuko du profesional mailako aurreneko partida. Alberdirentzat "pozgarria" da etxean estreinatzeko aukera izatea. 

Ilunpe pilota elkartean aritu da Alberdi gaztetxoa zenetik, eta hainbat txapelketa jokatu eta irabazi du. Besteak beste, Gipuzkoako eta Euskal Herriko Herriarteko txapelak jantzi ahal izan ditu azken urteetan, Azpeitiko ordezkari gisa. Alberdiren debuta "egun garrantzitsua" izango da Ilunperentzat zein Azpeitiko Udalarentzat. Horrela adierazi du Udalak: "Ez da egunero gertatzen herriko kirolari batek herrian bertan debutatzea, eta bere ondoan izango gara". Egun handirako astebeteren faltan, Jon Alberdi, Xabier Aldalur Ilunpeko kidea, Estitxu Elduaien Kirol batzordeburua eta Aitor Bereziartua zinegotzia Izarraitz pilotalekuan izan dira. Horientzat guztientzat "garrantzitsua" da Alberdiren debuta Azpeitian izatea. "Profesionaletara saltoa egingo zuela jakin genuenean, Ilunperekin batera, lehen partida Azpeitian jokatzeko ahalegina egitea adostu genuen. Eta lortu dugu", adierazi du Elduaienek. 

Udal ordezkariez eta Ilunpekoez gain, bada azken astean pilotalekura hurbildu den beste pertsonarik ere. Hain zuzen, Alberdirekin debuteko pilota jaialdian izango diren pilotariak Izarraitzen egin dituzte zenbait entrenamendu, frontoia ezagutu asmotan.

Sarrerak ohi baino merkeago 

Alberdik, Jon Ander Albisurekin batera, Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoriaren aurka jokatuko du profesionaletako lehen partida Izarraitzen. Pilota jaialdia ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude, 25 eurotan, Interneteko atari honetan. Udalak aurreratu duenez, 326 sarrera daude salduta dagoeneko.

Sarrerak ohi baino merkeago jartzea erabaki dutela azaldu du Elduaienek: "Batez ere gazteentzat-eta sarrera ordaintzeko erraztasunak eman asmoz hartu da neurria". Jaialdiaren egunean ere salgai izango dira partidetarako sarrerak, Izarraizko leihatilan, 18:00etatik aurrera.