Xanti Rodriguezen 'Lekaime' film laburra, Sitgesko zinema jaialdiko hautagaien artean

Uztarria.eus 2018ko ira. 13a, 16:27

Gaur, osteguna, jakinarazi dituzte aukeratutako filmen zerrenda eta egitaraua. Fantasiazko film laburren sailerako aukeratu dute Rodriguezen azken lana, beste bederatzi ikus-entzunezkorekin batera. 40. hamarkadan kokatzen da Lekaime, eta Hitler Hendaian izan zen egunetan oinarritzen da. Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Azpeitian ere aurkeztuko du filma Rodriguezek.

Sitgesko Fantasiazko Zinema Jaialdian lehiatuko da Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarraren Lekaime film laburra. Fantasiazko film laburren sailerako aukeratu dute Rodriguezen azken lana, beste bederatzi ikus-entzunezkorekin batera. Aurtengoa Sitgesko (Herrialde Katalanak) jaialdiaren 51. edizioa da, eta azaroaren 4tik 10era bitartean ospatuko da. Gaur, osteguna, jakinarazi dituzte aukeratutako filmen zerrenda eta egitaraua. Rodriguezek zuzendutako Lekaime azaroaren 7an izango da ikusgai Sitgesko Tramuntana Melia aretoan.

40. hamarkadan kokatzen da Lekaime, eta "Hitlerrek Hendaia zapaldu zuen egunetan dago oinarrituta". Lantzen dituen gaien artean daude magia beltza, nazismoa eta Elizari lotutako haurren bahiketak. Grabaketa lanak Azpeitiko eta inguruetako zenbait txokotan egin zituztela kontatu du Rodriguezek, hala nola Esklabetan, Zelatunen, Ezkuztako harrobian eta Madariagan. 

Oihana Maritorena, Amaia Lizarralde eta Asier Hernandez aktoreak dira azpeitiarrak zuzendutako film laburreko protagonistak. Maritorenak Mariaren papera jokatuko du filmean eta Lizarraldek Sor Rufinarena. Hernandezek, berriz, Espinosa generala hezurmamituko du. 

Azpeitiko estreinaldia

Film laburra amaitu bezain pronto, Lekaime Azpeitian plazaratzeko pronto agertu zen Rodriguez. Hasiera batean, haren asmoa zen film laburra irailean aurkeztea, baina orduan ez zuen espero Sitgesko zinema jaialdirako hautatuko zutenik. Hori dela eta, Lekaimeren aurkezpen data zehazteko dago oraindik, eta film laburra Azpeitian ikusi nahi duten herritarrek pixka bat gehiago itxaron beharko dute. 

Hona hemen Lekaimeren teaserra: