Eman daiteke izena X. Zuzenien igoera bertikalean

Uztarria.eus 2018ko ira. 6a, 14:07

Hilaren 29an egingo da 3,3 kilometroko proba, eta aurten, arratsaldez jokatuko da. Izena irailaren 27ra bitartean eman daiteke, Kirolprobak.com webgunean.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, X. Zuzenien igoera bertikala jokatuko dute hilaren 29an, eta elkarteak dagoeneko zabaldu du izen-ematea. Orain arte goizez jokatu izan dute Zuzenien igoera bertikala, baina aurten arratsaldera aldatu dute hitzordua. 15:30ean hasiko da erlojupeko lasterketa Azpeitiko plazatik, eta Xoxoteko San Inazioren estatuara iritsi arte, 3.320 metroko bidea osatuko dute mendizaleek. 804 metroko desnibela du probak. Antolatzaileen arabera, dagoeneko garbitu dute bidea, eta asteburutik aurrera hasiko dira markak jartzen Urreta baserritik gora.

Inskripzioa Kirolprobak.com webgunean egin beharko da, eta horretarako azken eguna irailaren 27a izango da. Iaz bezala, gehienez 250 lagunek parte hartuko dute proban, eta 2003tik aurrera jaiotakoak lehiatu ahal izango dira han. Dena den, adin txikikoek gurasoen baimena ziurtatzen duen orri bat bete beharko dute. Txip horia dutenek 14 euro ordaindu beharko dute izena ematerako orduan, eta ez dutenek 16 euro.

Mendian federatu gabekoek NAN-a erakutsi beharko diote antolakuntzako arduradunei dortsala eta txipa hartzerako orduan. Federatuek, aldiz, mendi federazioko txartela erakutsi beharko dute.

Parte hartzalleen irteera orduak, berriz, hilaren 28an jakinaraziko dituzte facebook.com/zuzenienigoerabertikala atarian.