Anaitz Lizartzak eta Itziar Bastidak bi dantza txapelketa irabazi dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2018ko abu. 27a, 12:57

Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida Elgoibarko txapelketan. (Jose Luis Lizartza)

Zapatuan Astigarragako Ergobia auzoan jokatu zuten lehia, eta txapela jantzi zuten azpeitiarrek. Atzo, berriz, Elgoibarren jokatu zuten txapelketa, eta han ere azpeitiarrak izan ziren nagusi. Bi txapelketetan herriko hainbat dantzarik parte hartu zuten.

Anaitz Lizartzak eta Itziar Bastidak bi dantza txapelketa irabazi dituzte asteburuan. Zapatuan, Astigarragako Ergobia auzoko plazan jokatu zuten hamahiru bikotek gazte mailako txapelketa, eta Lizartza eta Bastida azpeitiarrak nagusitu ziren. Bigarren egin zuten Gorka Granado eta Irati Lopez sopelarrek, eta hirugarren Mikel Esnaola eta Ane Anuariz lezotarrek. Azpeitiko beste bost bikotek parte hartu zuten lehian.

Atzo, igandea, berriz, LXXXII. Txapelketa jokatu zuten Elgoibarren. Itziar Bastidak eta Añaitz Lizartzak irabazi zuten lehia hori ere, eta 200 euro jaso zituzten. Bigarren egin zuten Irati Lopez eta Gorka Granado sopelarrek, eta horiek 180 euro eskuratu zituzten. Hirugarren, berriz, Nagore Kerejeta eta Aner Kerejeta azpeitiarrak sailkatu ziren, eta 170 euro irabazi zituzten. Hamalau bikotek parte hartu zuten Elgoibarko Udalak Haritz euskal dantzari taldearen eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzaz antolatutako txapelketan.