Ione Gurrutxaga: "Ikusle asko ez dira konturatzen egiten dugun lanaz"

Uztarria.eus 2018ko abu. 15a, 20:48
Ione Gurrutxaga zuzentzailea.

EITBko albistegietako euskara zuzentzailea da egun Gurrutxaga. Berea baloratu gabeko lanbidea dela dio, isilpekoa eta ikusten ez dena. Gurrutxagarekin hitz egin du Mirea Galarzak Uztarriren abuztuko zenbakirako.

Gogorra al da zuzentzailearen lana?

Boladak izaten dira; hala ere, bereziki telebistan, momentu larriak egon daitezke. Izan ere, azken orduko zerbait gertatzen bada, guztion erritmoa azkartzen da.

Behar adina baloratzen al da zuzentzailearen lana?

Ez. Isileko lana da; ikusle asko ez dira konturatzen egiten dugunaz. Askok, gainera, jakin ere ez dakite lanbide hau existitzen denik.

Beraz, telebistan gehiago baloratzen da ikusten den hori.

Bai. Etxeko pantailatik langile gutxi batzuk ikusten dira. Horiek ere egiten dute lana, noski. Hala ere, nahikoa da lantalde osoa ikustea konturatzeko pantaila atzean ere lana egiten dutenak asko direla.

Euskal Filologia ikasita,ikustenal zenuen zure burua lan honetan?

Ez, ikasten amaitu ondoren, ez nuen inon ikusten. Hala ere, Berria egunkarian zuzentzaile moduan lan egiteko aukera sortu zitzaidanean, aukera aprobetxatzea erabaki nuen. Eta berdin orain telebistan.

Nondik datorkizu hizkuntzarekiko interesa?

Hizkuntzarekiko baino gehiago, komunikazioarekiko interesa dudala esango nuke. Beti atsegin izan dut irakurtzea eta idaztea. Kazetaritza ikastea ere pentsatu nuen, baina azkenean euskal filologia ikastea erabaki nuen.

Zorrotza al zara zure lanean?

Egunaren arabera. Gogoa beti izaten dut, baina batzuetan indar gehiagorekin ekiten diot egunari. Termino guztiek ere ez dute zailtasun maila berdina; batzuk hurbilagoak zaizkigu, besteak, berriz, arrotzagoak.

Menperatu al daiteke hizkuntza bat osotasunean?

Ez. Onena izanda ere, beti dago kontrolatuko ez duzun hizkuntzaren zati bat. Izan ere, hizkuntza guztiek adar asko ukitzen dituzte, eta guztiak kontrolatzea ezinezkoa dela iruditzen zait. Euskarak, gainera, euskalki pila bat ditu, eta horrek zailtasunak areagotzen dizkio hiztunari. Gaiak ere eragina du; batek asko jakin dezake ekonomiari buruz, baina ez hainbeste beste gai batzuei buruz.