Sanagustin dantzaleku bihurtuko da gaur, ikasturte honetan azkenekoz

Uztarria.eus 2018ko uzt. 20a, 14:07

Gaurko dantza saioarekin, urtarrilean hasitako egitasmoari bukaera emango diote. Ikasturteko azken dantza saioa izanik, dantzariek afaria egingo dute dantza hasi aurretik.

Sanagustin kulturgunea dantzaleku bilakatuko da gaur, beste behin, 23:30etik aurrera. Gaurkoa, ordea, berezia izango da; izan ere, ikasturteari amaiera emango diote herriko dantzariek. Hori dela eta, gerriak astintzen hasi aurretik afaria egingo dute Sanagustinen, eta ondoren bilakatuko da Sanagustin dantzaleku.

Egitasmoa urte hasieran jarri zuten martxan herrian zegoen areto dantzetarako afizioa medio, eta maiatzera arte iraungo zuela aurreikusten zuten arren, beste bi hilabetez luzatu dute.

Egitasmoan parte hartu duten dantzarietako batzuen arabera, "aukera paregabea" izan da, zaletasun bera duten adin desberdinetako jendea ezagutzeko balio izan duena. Gainera, "dantza egun hori iristeko zain" egoten direla aitortu dute dantzarietako batzuek.