Hondar aleei bizia ematen

Uztarria.eus 2018ko uzt. 17a, 21:30

Andoni Bastarrika artista azpeitiarrak hondarrarekin eskulturak egiten ditu. Duela 11 urte hasi zen zeregin horretan, baina orain beste etapa batean dagoela sentitzen du: gero eta lan "errealistagoak" egiten dituela dio. Asteburuan egin duen elefanteak "sekulako arrakasta" izan du.

Duela 11 bat urte deskubritu zuen Andoni Bastarrikak (Azpeitia, 1970) bere pasioa. Hondartzan haurrekin jolasean ari zela, bat-batean konturatu zen ohartzerako hondarrarekin irudiak egiten ari zela. Ordutik hondarrezko eskulturak egiten eta inguruko herritarrak harritzen dihardu, eta Urdaibako Ekoetxeak eskatuta egin duen elefantea da haren azken artelana. "Sekulako arrakasta" izan du lan horrek, Bastarrikaren arabera: "Jendea izugarri harritu da".

Busturian (Bizkaia) dago Urdaibaiko Ekoetxea, eta azken bost urteotan haientzako lanak egin ditu Bastarrikak. Lehen lan sinpleagoak egiten bazituen ere, azken bi urteotan artelan elaboratuagoak egin ditu. Iaz, marrazo bat egin zuen hondarretan, eta, aurtengoan, elefante bat egitera animatu da. Emaitza ikusgarria bada ere, prozesua ez da erraza izan azpeitiarrarentzat.

Bi egun eman zituen elefantea egiten, jostailuzko irudi txiki bat erreferentzia gisa hartuta. Lehenik, pala hartu eta "tonaka hondar" mugitu behar izan zituen, eta, gero, pixkanaka, animaliaren espresioa bilatzen joan zen. Espresioari ematen dio garrantzia Bastarrikak; haren arabera, "espresiorik ez daukana hilda" baitago. Dena den, bilatze lan horretan, momentu zailak ere pasatu behar izaten ditu: "Ezerezetik zerbait atera behar duzu, eta denbora tarte batzuetan galduta sentitzen zara. Nekatuta zaude, denbora aurrera doa, eskultura bukatu behar duzu... Beti gertatzen zait gauza bera". Halako uneak ere prozesuaren parte direla uste du Bastarrikak. "Momentu horiek pasatu egin behar dira, segi eta segi egin behar da, eta pixkanaka gauzak ateratzen hasten dira". Prozesuaren amaiera izaten da politena artistarentzat: "Irudiari bizia eman diodanean, eskultura igurtzitzen eta xehetasunak egiten hasten naiz, eta horretan gozatzen dut gehien. Hasierakoa lan gogorra izaten da, baina amaierako momentuak zoragarriak izaten dira".  Dioenez, emaitza begien aurrean ikusten duenean, bera harritzen da gehien.

Errealismora hurbiltzen

Eskulturak egiten hasi zenetik, garapen bat izan duela dio Bastarrikak. "Beste etapa batean" dagoela sentitzen du orain: "Hondarrarekin irudiak egiten hasi nintzenean sentitu nuen zerbait bilatu nuela barruan. Ni ez naiz sekula kanpora ezer bilatzera joan, erreminta denak barruan dauzkat, eta hala jarraitzen dute, baina barrutik ari naiz eboluzionatzen. Lanerako erabiltzen ditudan tresnak neuk asmatutakoak dira, autodidakta naiz. Makila bat, eskuak eta lumak baino ez ditut erabiltzen lanerako; elefantea ere erreminta horiekin egin dut. Dena doa nire barnetik ateratzen, neure barruan bilatu dudan artista hori pixkanaka kanpora irteten ari da". Haren arabera, "gero eta lan errealistagoak eta harrigarriagoak" egiten ditu, eta "urteekin hobetzen" joango direla sentitzen du.

Gero eta kontratatutako lan gehiago egiten ditu Bastarrikak, eta haurrentzako tailer dezente ematen ditu. Dena den, bestelako lanak ere egiten ditu; besteak beste, duela sei urtetik, Zarauzko malekoian egoten da udan, irudiak egiten eta horiek jendeari erakusten. Goizean goiz joan, eskultura egin eta 00:00 aldera iristen da etxera. Txapela jartzen du, jendeak egiten duena diruz lagundu nahi badu. Aurten dagoeneko lan dezente egin ditu: hainbat arrazatako txakurrak, zezen baten burua... Zezen bat osorik egitea ere badu buruan. Batez ere animalien irudiak sortzen ditu, baina mitologia eta pertsona biluziak ere gustazten zaizkio. Duela gutxi, egurrarekin eskulturak egiten ere hasi da.

Hondarrarekin "oso lotura polita" duela dio Bastarrikak. Harearekin irudiak sortzean gozatu egiten duela azaldu du, baina egindako lanaren aitortza jasotzea ere beharrezkoa dela uste du. Dena den, sentitzen du bide horretan urratsak egiten ari dela. "Pixkanaka, ezagunagoa egiten ari naiz, jendea ari da nire lanaz interesatzen, eta nire nahia litzateke nahi adina lan edukitzea". Erraza ez den arren, horretatik bizitzen saiatzen ari da. "Udan eskulturak egin eta tailerrak ematen ditut, eta, neguan, etxeko lanak egiten ditut. Ezin dut jakin hurrengo urtean zer etorriko den, nire bizitza eskultura baten prozesua bezalakoa da: amaitu arte ez dakit zer irtengo den, baina jakin badakit azkenean eskultura polit bat aterako dela bide honetatik". Bizitzak "opari bat egin diola" sentitzen du Bastarrikak: "Zuri bizitzak dohain bat ematen badizu, nik uste dut landu egin behar duzula. Hasieran estutasun txiki batzuk pasatu beharko dituzu, baina froga horiek gaindituta, zure ametsa beteko da. Nik hala sentitzen dut, eta hala ari da gertatzen".

Hona hemen Bastarrikaren beste zenbait artelanen irudiak: