Ezintasunak gaitasun

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 11a, 18:45
Jurdan Arakistain, Azpeitiko igerilekuaren kanpoan. (Ihintza Elustondo)

Jurdan Arakistain zestoarra Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketako azpitxapelduna da, eta, horrez gain, igerian aritzen da Azpeitiko Izarraitz elkartearekin. Kirolak bere bizitzan duen garrantziaz hitz egin du.

Egunero bezala, Azpeitiko igerilekuan igeriketa saioa egin du gaur ere Jurdan Arakistainek (Zestoa, 2001). "Topera" aritu dela dio, irribarretsu. Uretan murgiltzea asko gustatzen zaio, baina, horrez gain, beste afizio bat ere badu: palan aritzea. Ez da nolanahi moldatzen, gainera. Izan ere, joan den asteburuan jokatutako Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketan finalera iritsi zen, Susana Berra bikote zuela. Ez zuten lortu Lorea Iribarren eta Iraitz Huegunen aurka jokatutako partida irabaztea, baina "pozik" dago hala ere Arakistain. "Gogorrak ziren aurkariak, eta 25 eta 12 galdu genuen finala", azaldu du. Txapelketan parte hartu duen kirolaririk gazteena izan da zestoarra.

Asko gustatzen zaio palan aritzea Arakistaini. Gainera, haren aita Niko Arakistainek azaldu duenez, badu ohitura bitxi bat semeak. "Uda iristean, hondartzara joan beharrean, frontoira joateko ohitura hartua zuen azken urteetan, eta beti eramaten zituen bi pala. Inork ez du ateratzen erramintarik kalera, eta guk esaten genion beti bi pala eramateko. Horrela, arratsalde guztia pasatzen zuen jolasean batekin ez bazen bestearekin, gazteagoekin nahiz zaharragoekin".

Hala aritzen zela, kirol egokitu inklusiboa sustatzen duen Berdin-Berdinak elkarteak proposamen bat egin zion Arakistaini: beraiekin palan aritzeko aukera eskaini zion. Larunbatetan, lau bat lagun elkartzen dira Orion, eta palan aritzen dira guztiak: batek autismoa du, besteak down sindromea… Elkarte horretan galdetu zioten Arakistaini ea Master Cup txapelketan parte hartzea nahi zuen. "Pentsatu genuen: 'Zergatik ez?'. Eta, horrelaxe, animatu egin ginen", azaldu du aitak. "Oso gustura" daude aita-semeak txapelketan lortutakoarekin.

Igeria da Arakistainen beste afizioetako bat. Umea zela hasi zen igeriketa praktikatzen Zumaian, eta, egun, Azpeitiko Izarraitz igeri elkartearekin aritzen da. Izarraitz elkarteak ere txapelketetan parte hartzeko aukera eskaini zion Arakistaini, eta aitaren arabera, zera pentsatu zuten proposamena entzutean: "Nola joango da Jurdan txapelketetara?". Dena den, animatu egin ziren azkenean, eta uste baino emaitza hobeak lortu zituen semeak: joan den ekainean, Euskal Herriko Igeriketa Egokituko Udako Txapelketan finalera iritsi zen, eta, urtarrilean, igeriketa egokituari dagokion Gazteen Espainiako Txapelketan parte hartu zuen, Valentzian. "Dezenteko indarra dauka, eta teknika ere ari da pixkanaka hobetzen", adierazi du Nikok.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.