Sammic-eko langileek greba mugagabearekin jarraitzea erabaki dute

Uztarria.eus 2018ko uzt. 5a, 20:42
Sammic atarian izan dira langileak greba egunetan.

Astelehenean egin zuten beharginen ordezkariek hitzarmena berritzea negoziatzeko lehen bilera enpresako zuzendaritzako kideekin, eta ordutik "pausoak" ematen joan badira ere, egoera "blokeatu" egin da gaur goizean. Batzordeak jakinarazi duenez, inaplikazio klausularekin sortu da bi aldeen arteko desadostasuna. Arratsaldean egin dute beharginek batzarra, eta boz bidez erabaki dute grebarekin segitzea.

Sammic enpresako langileek greba mugagabearekin jarraitzea erabaki dute gaur, osteguna, egin duten batzarrean. Astelehenean egin zuten beharginen ordezkariek hitzarmena berritzea negoziatzeko lehen bilera enpresako zuzendaritzako kideekin, eta ordutik "pausoak" ematen joan badira ere, egoera "blokeatu" egin da gaur goizean. "Enpresak bere marra gorria markatu du, eta enpresa batzordeak ere bai. Bi marra gorri horiek ez dira bateragarriak", azaldu du Langileen Batzordeak ohar bidez.

Batzordeak jakinarazi duenez, inaplikazio klausularekin sortu da bi aldeen arteko desadostasuna. Izan ere, haren arabera, enpresako zuzendaritzak ez du puntu hori onartu nahi izan. "Puntu horrek esaten duen gauza bakarra da sinatutako akordioan adostutakoa errespetatuko dela", azaldu dute. Batzordekoek esan dutenez, baina, enpresak onartutako akordioa "aldatzeko edo ez aplikatzeko" aukera izan nahi du, eta Sammic-eko langileak ez daude hori onartzeko prest. "Behin sinatutakoa errespetatuko den bermea nahi dugu".

Zuzendaritzaren goizeko bilera eta gero, arratsaldean egin dute langileek batzarra, eta horiek grebarekin zein negoziazioekin jarraitzea erabaki dute bozketa bidez. Batzarraren ostean, zuzendaritzarekin biltzen saiatu dira batzordeko ordezkariak, baina horiek ez dituztela hartu salatu dute. Horrenbestez, duela aste pare bat hartutako bidearekin, grebarekin, jarraituko dute langileek datozen egunetan.

Ekainaren 11n hasi zuten borroka

Sammic-en zuten hitzarmenaren epea 2017ko abenduaren 31n agortu zen, eta aste batzuk lehenago, iazko azaroan, helarazi zion Langileen Batzordeak hitzarmen berrirako proposamena zuzendaritzari. Dena den, ordutik "enpresaren jarrera oso ezkorra" izan dela diote langileen ordezkariek. Hitzarmenaz hitz egiteko eta hori negoziatzeko prest daudela adierazi dute Langileen Batzordeko kideek, baina enpresak langileen proposamenak inoiz ez dituela "serio" hartu azaldu dute. "Hori horrela izanda ere, beti hitz egiteko prest egon gara, eta oraindik ere hala gaude. Dena den, behingoagatik gure eskakizunak seriotasunez jorratu ahal izateko grebara jo behar izan dugu". Langileen ordezkariek salatu dutenez, egun hauetan mahaitik beraiek jaiki zirela entzun behar izan dute enpresaren arduradunen ahotik: "Mahatik jaiki ginen serio ez gintuztelako hartu".

Joan zen ekainaren 11n erabaki zuten Sammic-eko langileek grebara jotzea, lan hitzarmen berriaren negoziazioa ez atzera eta ez aurrera dagoelako. Babes handiarekin erabaki zuten langileek grebara jotzea; izan ere, 105 langilek eman zuten grebaren aldeko baiezko botoa, 15ek ezezkoa, eta bost boto zuri egon ziren. Lehen aste hartan bi egunetan egin zuten greba, eta joan zen astean hirutan. Greba mugagabea, berriz, astelehenean hasi zuten. Enpresaren atarian izan dira beharginak egun horietan, eta elkarretaratzeak ere egin dituzte; horietako bana Azpeitiko eta Azkoitiko plazetan.