Iristear da marea urdin erraldoia

Uztarria.eus 2018ko uzt. 5a, 13:39
Marea Urdinako sustatzaileak. (Marea Urdina)

Astebukaera honetan, larunbatean eta igandean, emango diote amaiera autismoaren inguruko sentsibilizazioa sortzea helburu duen Marea Urdina egitasmoari. Orion eta Hondarribin amaituko dira zeharkaldiak, eta ondoren leku horietan festa izango da. Marea Urdinakoek festara nahiz zeharkaldia ikustera eta igerilariak animatzera gonbidatu ditu inguruko herritarrak.

Marea Urdina egitasmoa ari da pixkanaka-pixkanaka bere ibilbidearen bukaerara iristen. Astebukaera honetan, hilaren 7an eta 8an, emango diote amaiera "autismoa gizarteratzea" helburu duen egitasmoari. Horretarako, ehundaka igerilarik parte hartuko dute Saturraranen hasi eta Hondarribin amaituko den zeharkaldian. Aritz Orbegozo Marea Urdinaren sustatzaileetako baten arabera, "izugarrizko babesa" jaso dute prosezuan zehar, eta "igeriketatik kanpo antolatu diren dozenaka egitasmok lagundu dute autismoa benetan gizarteratzen". Orbegozoren esanetan, asteburuko ekitaldia "prozesu eder bezain luzeari" amaiera emateko izango da. 

Eguraldia eta itsas aurreikuspena ere badirudi aldeko izango dituztela Marea Urdinakoek, bai zeharkaldirako bai ondorengo festarako. Izan ere, larunbatean eta igandean, hurrenez hurren, Orion eta Hondarribin amaituko dira zeharkaldiak, eta ondoren leku horietara hurbiltzen direnek izango dute dibertitzeko tarterik. Orion, alde batetik, Berdin-Berdinak kirol talde inklusiboko kideek musika jarri eta merienda eskainiko dute. Hondarribin, beste aldetik, festa potologoa izango da. 17:00etatik aurrera, Passepartout eta Marea Urdina taldeek kontzertuak eskainiko dituzte; gainera, Euskolabelek eta Ameztoik salmahaiak jarriko dituzte pintxoak eta edariak eskaintzeko.

Guztira, ia 600 igerilarik parte hartuko dute zeharkaldian; horietako askok zeharkaldi herrikoian. Azken horretan aukera eduki dute hainbat herritarrek, betiere gutxiengo esperientzia izanda igeriketan, autismoaren alde igeri egin ahal izateko. Zeharkaldiko hainbat zatitan izango dira etapa herrikoi horiek; zehazki, Debako hondartzan, Zumaiako Itzurun hondartzatik Santio hondartzarainoko zatian, Zarauzko hondartzan eta Donostiko badian. 

Marea Urdinakoek asteburu honetako amaiera festara nahiz zeharkaldia ikustera eta igerilariak animatzera gonbidatu nahi ditu inguruko herritarrak, autismoaren aldeko kanpainari bukaera "ezin hobea" eman ahal izateko.