Herriarteko finalerako sarrerak Frontoi Txikian eskuratu ahal izango dira datozen egunetan

Uztarria.eus 2018ko eka. 25a, 13:01

Bihar, etzi eta ostegunean erosi ahal izango dira finalerako sarrerak, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Frontoi Txikiko bulegoan. Zapatuan jokatuko dute Azpeitiak eta Ataunek Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta joan-etorrirako doako autobus zerbitzua eskainiko du Ilunpe pilota elkarteak.

Datorren zapatuan, ekainak 30, jokatuko dute Azpeitiak eta Ataunek eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala. Donostiako Atano III.ean izango da lehia, 16:30ean hasita, eta Ilunpe pilota elkarteak datozen egunetan jarriko ditu finalerako sarrerak salgai.

Hain zuzen ere, bihar, etzi eta ostegunean erosi ahal izango dira finalerako txartelak Frontoi Txikiko bulegoetan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Kantxako sarrerak hamar euro ordaindu beharko dira, eta goiko eserlekuetakoak bost euro. Gainera, leihatilan federatu txartela erakusten duten alebin eta infantil pilotariek erreboteko sarrera dohainik eskuratu ahal izango dute. Haurrek, berriz, ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

Donostiara joan-etorria egiteko autobusak jarriko ditu Ilunpek. Autobusak anbulatorio aurretik aterako dira 15:00etan, eta joan-etorria doakoa bada ere, autobuserako aurrez izena eman beharko da Frontoi Txikiko bulegoan.