Euskaraldia

Bi hamaikakorekin ekingo dio Azpeitiak Euskaraldiari

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 21:50

Azpeitiak ere aurkeztu ditu Euskaraldiaren herriko enbaxadoreak. Gaur, ostirala, egin dute aurkezpen ekitaldia plazan, eta bertan izan dira Azpeitiko bi hamaikakoak osatuko dituzten lagunak. Bi hamaikako horiek osatuko dituzte Euskaraldiaren joko-zelaiko lehen taldeak, beraiek izango dira lehen Ahobiziak eta Belarriprestak. Kulturako, kiroleko, hezkuntzako, arlo sozioekonomikoko, komunikazioko… pertsonak izango dira protagonista egitasmoaren lehen kolpean. Haiek hartuko dute testigua, ondoren herritar guztiak anima daitezen euskararen alde ohiturak aldatzera. 

Euskaraldiak jarritako erronka da euskaraz hitz egiteko gaitasun handirik ez dutenekin baina zerbait uler dezaketenekin euskaraz egitea, ahobizi edo belarriprest rola hartuz, 11 egunez. Ahobiziek euskaraz egingo dute beti lehen hitza, eta euskaraz hitz egingo diete hizkuntza ulertzen duten guzti-guztiei. Belarriprestak izango dira euskaraz ez dakiten arren, ulertzen dutenak; edo euskaldunak izan arren, erdaraz hitz egiteko joera dutenak, eta hori aldatzera animatzen direnak. Haiek bidea irekiko diete euskaldunei, eta eskatuko dute beraiei ere euskaraz zuzentzeko. Horrela, bi norabideetako elkarrizketei zilegitasuna ematea da helburua.

Egitasmoarekin bat egin eta Euskaraldiari bultzada emateko konpromisoa hartu duten lagunek osatu dituzte hamaikakoak Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan. Azpeitian, baina, hamaikako batekin nahikoa ez, eta bi hamaikakorekin ekingo diote Euskaraldiari. Izan ere, sustatzaileek adierazi dutenez, "Azpeitian euskarak babes sozial handia dauka", eta hori erakutsi nahi izan dute bi hamaikakoekin. Hamaikako bakoitza osatu duten pertsonek esaldi bana irakurri dute gaurko aurkezpenean. Hona hemen Azpeitiko enbaxadoreen zerrenda, eta bakoitzaren esaldia:

Aurreneko hamaikakoa

1. Ihintza Elustondo (Uztarria eta Urola Kostako Hitzako kazetaria)

Euskaraz bizi gara, euskaraz pentsatzen eta sentitzen dugu. Euskaraz hitz egin eta idatzi nahi dugu, geure hizkuntzan komunikatu nahi dugu. Inguruko kontuen berri geu garen horretatik ematen jarraituko dugu.

2. Antonio Gomez (Espainiatik etorritako bizilaguna)

Kanpotik heldu ginenok jaso genuen eta eman genien bertakoei. Euskara jasotzeko, emateko, esateko eta izateko modu bat baita.

3. Jexux Olaizola (Baigerako lehendakaria)

Euskararen misterioa ez dela jatorria esan zuen Koldo Mitxelenak, iraupena baizik. Etorkizunari begira, ordea, helburua ezin da iraupena izan, bizitza betea baizik, bai euskararentzat, bai adinekoentzat.

4. Maider Aizpuru (Bieleko zuzendaritza batzordeko kidea)

Euskarak salto egin behar du herritik enpresetara. Ez dugu euskara lantokiko atean zintzilikatu nahi, muineraino eta erabaki organoetaraino sartu behar dugu. Nahiz eta pentsa euskararen presentzia enpresetan sartuta dagoela, benetan sartuta al dago? Enpresa mailan erabiltzen ditugun dokumentu, tresnak eta abar nola ditugu? Euskaraz hitz egiteak ez du esan nahi enpresa mailan euskara bereganatuta dugula. Beraz, animo! Lan bat dugu egiteko eta denok animatzen zaituztet.

5. Montse Carmona (Udal Euskaltegiko ikaslea)

Ikasten ari naiz, zurekin euskaraz jarduteko. Nire aldetik jartzen ari naiz; zuk ere jarri zure alea, eta egidazu euskaraz.

6. Karmen Bastida (Urola Ikastolako irakaslea)

Eskoletan gabiltzanok ari gara Lizardiren soinu zaharra Interneten garaiotara berritzen. Ikasle, irakasle, gurasook Euskaraldian hezkuntza jakite-hegoez igoarazten!

7. Ander Idoeta (Atzegiko kidea)

Euskarak hamaika kolore ditu, hamaika hiztun. Margotu ditzagun elkarrekin Euskal Herriko txoko guztiak.

8. Yolanda (Anbulatorioko langilea)

Eman diezaiogun arnasa, bizi-indarra eta osasuna euskarari, nonahi eta edonoiz hitzetik hortzera erabiliz euskera.

9. Oihana Labiano (Bertsolaria)

Batzuen negar, besteen irri, batzuen gose, besteen egarri, baina eskerrak eman gure hizkuntza zaharrari.

10. Oihana Goenaga (Igerilaria)

Lehen hitza euskaraz egingo dut Azpeitian, baita Donostian eta Iruñean ere; herri euskaldunetako herritarrok euskara gurekin eramango dugu edonora. Erakutsiko dugu badela euskaraz bizi den mundu bat, eta guztiok izan gaitezkeela haren zati. (Bidalita)

11. Jose Luis Otamendi (Idazlea)

Euskararen aukera behar du euskaldunak

euskara baino:

belarri edo ahora ezinik

zer euskaldun modu izango da bestela…

euskaldunaren aukera behar du Euskal Herriak

euskara baino:

bai bitxia jenderik gabeko herri bat…

Belarri eta ahorik gabe

harako xoxo hura halatsu

gaixo euskalduna…

bururik gabe bihotzik gabe

nola kanta

nola xirula

nola kanta euskaldunak…

Bigarren hamaikakoa

1. Olatz Prat (Kultur Mahaiko lehendakaria)

Kultura ez da armairuan jasota edukitzeko: antzeztu egin behar da, dantzatu, errezitatu, transmititu, sentitu. Hizkuntza ere ez da tiraderan ezkutuan edukitzeko, bizitzeko da: haserretzeko, pozteko, adiskidetzeko eta maitatzeko.

2. Zack Zubriski (AEBko herritarra)

Ni prest nago euskara aditzeko, lagunduko al didazu?

3. Josu Azpillaga (Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kidea)

Ahobizi izaten saiatuko naiz. Kalean, lanean, ikastolan, sarean... Euskarari hiztunak emateko eta, batez ere, hiztunei euskara.

4. Lore Kolore (Ipuin-kontalaria)

Gaurko haurrek bihar koloretako ipuinak euskaraz konta ditzaten, bizi eta jolas denok euskaraz.

5. Agustin Tapia (Mintzapraktiketako kidea)

Mintzalagunak gara. Gure saioetatik kanpo ere euskaraz egiten saiatu nahi dugu. Pixkanaka-pixkanaka, denok euskaraz.

6. Amaia Zabala (Bertaneko merkataria)

Herriko komertzio eta tabernetan euskaraz hitz egin dezakezu. Ez dugu euskara salduko, baina saltzeko erabiliko dugu. Irabaziak denonak izango dira.

7. Josu Labaka (Euskara zinegotzia eta Uemako lehendakaria)

Elkarlanean soilik izango da posible Euskal Herri euskalduna: erakundeek hartuko dugu erantzukizuna eta euskalgintza izango da akuilu.

8. Amaia Urbieta (Iraurgi Ikastetxeko irakaslea)

Guztiona da euskara, zurea, nirea, gurea. Zabal ditzagun, beraz, euskararen hegoak etxean, kalean, ikastetxean… denon bihotzetan.

9. Ujala Mehreen (Pakistandik etorritako bizilaguna)

Aberastu ditzagun gure kulturak, zaindu gure hizkuntzak, sortu elkarbizitza, etxean eta kalean egin beti euskaraz.

10. Mari Karmen Alberdi (Abelur kooperatibako langilea)

Goizero-goizero jaiki orduko lanera noa euskara ahoan.

11. Imanol Lazkano (Bertsolaria)