'La Manada'-ri ezarritako behin behineko epaiaren aurkako oihua, plazara

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 20:27

Basanderiek asanblada feministak deituta, dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, Azpeitiko plazan, 2016ko Iruñeko sanferminetan emakume bat bortxatzeagatik zigortutako bost gizonak baldintzapean aske utziko dituztela salatzeko. Era berean, Frantziako Poliziak atzo, osteguna, Sophia Losche migratzaileen aldeko aktibista alemaniarraren hilotza aurkitu zutela gogoratu eta gaitzetsi dute elkarretaratzearen deitzaileek. 

"Beste behin ere sistema heteropatriarkalak kolpatu gaitu. La Manadaren sententziak bortxaketa ukatu izanak garbi utzi zuen sistema judiziala ez dagoela emakumeokin. Orain, bost bortxatzaileak 6.000 euroko fiantzapean aske uzteak, berriro ere agerian utzi du gizonek eta gizonezkoentzako eraikitako sistema baten aurrean gaudela", adierazi dute kontzentrazioaren deitzaileek. "Ez dago gure hitza epaituko duenik, guk sinisten dizugu!", esan dute. 

Taldeko sexu erasoa egiteagatik zigortutako bost gizonezkoei ezarritako behin behineko epaia salatzeaz gain, gogoan izan dute Sophia Losche migratzaileen aldeko aktibista alemaniarraren gorpua aurkitu zutela atzo, Asparrenan (Araba). Gasolindegi baten ondoan aurkitu zuten hilotza, indarkeria zantzuekin. 

"Nazkatuta gaude erasotuak eta erailak izateaz. Indarkeria sexistari aurre egiteko lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu", adierazi dute Basanderiek asanbladako kideek. Horrez gain, autodefentsa feministarako deia egin dute: "Gure bizitzak direlako jokoan daudenak, bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Feministok erantzuteko prest gaude".

Kalea eta gaua gureak dira lelopean egin dute gaurko elkarretaratzea. Mezu horixe zabaldu zuten atzokoan ere Urola Kostako zenbait emakumek Azpeitian ateratako argazkiarekin. Eskualdeko emakumeei zuzendutako ekimeneko deitzaileen artean zeuden Basanderiek asanblada feministako kideak. 

Urrestillako sanjuanetatik ere bai

Joan zen astean beroketak egin ostean, gaur hasiko dira San Juan festak ospatzen Urrestillan. Festa batzordeko kideek ez diote ihes egiten utzi Iruñeko bortxaketaren gaineko auziaren epaiari, eta  erabakia salatzeko elkarretaratzea deitu dute 19:00etarako. Urrestillako plazan egingo dute kontzentrazioa.