Martxan dira Soreasuko Sormen Gunea eraikitzeko obrak

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 19:38

Faseka eraikiko dute Soreasuko Sormen Gunea, eta aurreneko fasean, hitzaren, arte eszenikoen eta irudiaren eremuak egokituko dituzte. Lan horiek ia milioi bateko aurrekontua dute.

Hasi dira Soreasuko Sormen Gunea izango dena eraikitzen. Azpeitiko Udalak 2018ko aurrekontuetan Soreasuko Sormen Gunea egiteko partida onartu zuen lehenik, eta obrak lehiaketa publikora atera zituen ondoren. Behin urrats horiek eginda, duela egun batzuk hasi ziren eraikuntza lanekin. Udalaren arabera, faseka eraikiko dute Soreasuko Sormen Gunea, eta aurreneko fasean, hitzaren, arte eszenikoen eta irudiaren eremuak egokituko dituzte. Lan horiek ia milioi bateko aurrekontua dute, 994.348,94 eurokoa, hain zuzen. Bigarren fasean soinuaren eremuko lanak egingo dituzte.

Eraikuntza lanen lehiaketa publikoari dagokionez, "loteka" egin dutela esan du Udalak: "Lehiaketa loteka ateratzearen helburua da herriko enpresa txikiek Soreasuko obran parte hartzeko aukera izatea. Gremioka banatu dugu lehiaketa, proiektuak berak hori ahalbidetzen duelako". Josu Labaka zinegotziak gaineratu duenez, "gremio bakoitzak bere proposamena aurkezteko aukera izan du".

Sormen gunea kultur eragileekin batera diseinatu dela esan du Ainara Larrañaga kultur zinegotziak: "Denbora luzean hitz egin dugu kultur eragileen artean zer eta nolakoa izan behar duen Soreasuk zehazteko. Orain irudimenean eta paperean marraztu dugun hori gauzatzen ari gara". Sormen Gunea kulturarentzako "datorren hamarkadako proiektu estrategikoa" izango dela esan du Larrañagak: "Azken zortzi urteotan kulturak loraldi izugarria izan du gurean, eta plaza eskaintzeaz gain, sorkuntzarako azpiegiturak eta baliabideak jartzea da orain helburua. Kultur politika sendo eta propioa dugu, eta Soreasu estrategikoa izango da datozen urteotan".

Urteetako prozesua

2013an, Kultur Mahaiak "publiko orokorrarentzako espazio falta" identifikatu zuen, eta hori lantzeko beharra azaldu zuen urte hartako bazkideen ohiko batzarrean. 2015eko udazkenean, Azpeitiko Udalak Soreasuko eraikinean sormen gune bat martxan jartzeko asmoa azaldu zuen, Azpeitiko kultur mugimendua "indartsu eta antolatuta" zegoela ikusita. Orduan, sormen gunearen proiektua osatzeko foroa Kultur Mahaiak izan behar zuela iritzi zion Udalak. 2016ko uztailean aurkeztu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak Soreasuko sormen gunearen proiektua, sormen gunean aurreikusitako eremuak lantzeko egindako batzar irekiaren, eta ekainean egindako Soreasuko ate irekien jardunaldiaren ostean. 

Hilabeteetako parte hartze prozesuaren ostean, iazko udaberrian lortu zuen Soreasuko Sormen Gunearen proiektuak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta herriko beste hainbat kultur eragileren adostasuna. 2017ko uztailean 100 lagunetik gora bildu ziren prozesuan adostutako proposamenari onespena emateko. Orduan, espazio berriaren oinarrien eta helburuen zertzelada batzuk aurreratu zituzten. 2017ko urrian plazaratu zuten Soreasuko Sormen Gunea izango denaren aurreproiektua, udaletxean egindako batzar irekian.