Herriartekoaren finalerako azken pausoa ematear dira Azpeitiko pilotariak

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 16:03

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte Azpeitiko pilotariek finalerdietako itzulerako partidak Oiartzunen aurka, Madalensoro pilotalekuan. Bikoteetan aldaketak izango ditu Azpeitiak. Finala are gertuago dute Azpeitiko palistek. Horiek igandean jokatuko dute Gipuzkoako Herriartekoaren gomazko paletako finala Donostiaren aurka.

Esku pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala eskura du Azpeitiak; azken pausoa ematea falta zaio, ordea. Gaur, ostirala, jokatuko dute Azpeitiko pilotariek finalerdietako itzulerako partida Oiartzunen aurka, Madalensoro pilotalekuan. Partidak 19:30ean hasiko dira. 

Bikoteetan aldaketak izango ditu Azpeitiak gaurko neurketetan. Kadete mailan, Aimar Egigurenek eta Josu Labakak jokatuko dute; jubeniletan Gorka Iriartek eta Haritz Larrañagak eta senior mailan Jon Alberdik eta Daniel Murgiondok. 

Txapelketa hasi zenetik, bikain aritu dira Azpeitiko pilotariak, eta partida gehienetan aise nabarmendu dira. Dena den, lana gogotik egin behar izan dute. Oiartzunen kontra Frontoi Txikian jokatutako finalerdietako joaneko partidan 3-0ko (22-16, 22-19, 22-9) emaitza eskuratu bazuten ere, lan gogorra egin behar izan zuten Azpeitiko pilotariek oiartzuarrak mendean hartzeko. 

Finalera iristeko urrats baten faltan, gaurko partidan dena emateko pronto irtengo dira frontoira Azpeitiko pilotariak. Herriartekoaren eskuzko finala hilaren 30ean izango da Donostiako Atano III.ean, 16:30ean hasita.  

Azkoitiarrak ere gertu

Bigarren finalaurrekoa Azkoitiaren eta Ataunen artekoa izango da. Horrenbestez, finalean egingo dute topo Azpeitiaren eta Oiartzunen arteko partida irabazten duen taldeak, eta Azkoitiaren eta Ataunen aurkako itzulerakoa irabazten duen taldeak.

Orain arteko markagailuei erreparatuta, aukera asko daude finala Azpeitiaren eta Azkoitiaren artekoa izateko. Izan ere, azpeitiarrek 3-0eko aldeko emaitza lortu zuten joanekoan, eta azkoitiarrek 2-1ekoa (22-10, 22-15, 2-22). Azkoitiak zapatuan jokatuko du neurketa Ataunen konta. Usteak uste, ikusteko dago zer gertatuko den finalerdien itzulerakoetan. 

Palisten finala, igandean

Aurten Azpeitiak eskuzkoa ez den beste modalitate batean ere atera du taldea: gomazko paletan. Palistek ere zaleak gaizki –edo ondoegi– ohituz ekin diote Herriartekoaren bideari, finala jokatzeko sailkatuta. Igandean, Donostiako Altzako pilotalekuan, Donostiaren kontra jokatuko dute Gipuzkoako Herriartekoaren gomazko paletako finala, 11:00etatik aurrera.