Sanferminetako talde bortxaketaren auziko behin behineko epaia salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte arratsalderako

Uztarria.eus 2018ko eka. 22a, 12:39
Basanderiek asanbladak sexu erasoen aurka egindako horma irudia.

Basanderiek asanblada feministak 18:00etarako deitu du kontzentrazioa. Urrestillako festa batzordeko kideek, aldiz, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea. Bi asanbladako kideek dei egin diete herritarrei 2016ko Iruñeko sanferminetan jazotako bortxaketaren errudunak baldintzapean aske utziko dituztela sala dezaten. 

Atzo jakin zen Nafarroako Auzitegiak baldintzapean aske utziko dituela 2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako bost gizonak, behin betiko epaia iritsi arte. Erabaki horren aurrean desadostasuna agertzeko eta behin behineko epaia gaitzesteko elkarretaratzeak deitu dituzte Basanderiek asanblada feministak eta Urrestillako festa batzordeak gaur arratsalderako. Basanderiekek plazan jarri du hitzordua, 18:00etan. Urrestillako festa batzordeko kideek, aldiz, 19:00etan Urrestillako plazan. Bi asanbladetako kideek dei egin diete herritarrei gaurko elkarretaratzeetara batu daitezen. 

Basanderiek asanblada eta eskualdeko beste zenbait talde feminista Azpeitian elkartu ziren atzo, "egunak eta gauak emakumeenak" direla aldarrikatzeko. Argazkia atera baino zertxobait lehenago jakin zuten Iruñeko sanferminetako bortxaketaren behin behineko epaiaren berri, eta atzokoan ere Nafarroako Auzitegiaren erabakia salatzeko tartea hartu zuten. Eragile feministetako kideen hitzetan, 2016ko sanfermiñetako bortxaketaren epaia "justizia ere gizonek eta gizonentzat egindako neurrira, patriarkatuaren neurrira, dagoela frogatzen duen beste adibide bat besterik ez da". Salatu zutenez, "jendartea eta sistema osoa errotik aldatu ezean, ez da parekidetasuneranzko biderik egingo".