Herriko eragileek bultzatutako baloreak aztertzeko galdetegiak egiten hasi dira Herri Hezitzailearen sustatzaileak

Uztarria.eus 2018ko eka. 21a, 17:56
Iaz aurkeztu zuten aurrenekoz Herri Hezitzailearen proiektua hainbat eragiletako ordezkariek. (Maialen Etxaniz)

"Eragileak egiten duten lanearen inguruan gogoeta bat egitera bultzatzea" nahi dute Herri Hezitzailearen proiektuan lanean ari diren lagunek. Hori ez ezik, beren helburua da herriko taldeek egiten duten lana nola egiten duten ezagutzea eta ondorio orokorrak ateratzea. 

Duela zenbait aste aurkeztu zuten Herri Hezitzailea filosofiaren baitan abian jarritako ikerketa. Iaz egindako jardunaldiaren ostean, sortutako kezketan oinarrituta, herriko eragileen azterketa egingo dute. Herri Hezitzailearen proiektuan lanean ari diren lagunek azaldu dutenez, "egitasmoaren asmoa ez da inor neurtzea, edo inor epaitzea; egiten duten hori nola egiten duten jaso eta ondorioak ateratzea da helburua". Hau da, "eragileak egiten duten lanearen inguruan gogoeta bat egitera bultzatzea".

Horretarako, galdetegi bat prestatu dute, proiektuaren aurkezteko egindako bileretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuta. Aste honetan zehar bidali zaie behin betiko galdetegia herriko eragileei. Horiek hilaren 29ra arte izango dute galdetegia erantzuteko aukera.

Ahalik eta kultur, kirol zein gizarte arloko elkarte gehienek galdetegia betetzea nahi dute Herri Hezitzailearen bueltan lanean ari direnek, haien ustetan "horrek errealitatearen argazki zehatzagoa osatzea ekarriko baitu". Galdetegia ahalik eta talde eta elkarte gehienei bidaltzeko saiakera egin dutela esan dute, baina norbaitek jaso ez badu, eta galdetegia bete nahiko balu, herrihezitzailea@azpeitia.eus helbidera idatz dezake galdetegia eskatzeko. Uda igaro ostean jakingo dituzte galdetegietan jasotako aurreneko datuak.