Nork bere bizitza maitatzeko deia

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 21a, 15:08
Pako Aristi, ‘Maitatu zure egunak’ liburua eskuetan duela. (Ihintza Elustondo)

Pako Aristik seigarren poesia liburua kaleratu du: Maitatu zure egunak. Gaur egungo bizitza deskribatu du poemetan, hainbat gairen inguruan gogoeta eginez.

"Zoriontasun gutxi" sumatzen du inguruan Pako Aristik (Urrestilla, 1963). “Ateratzen naiz kalera, eta ikusten ditut batzuk beren eguna bizitzen, baina beste asko, eguna irensten. Alde batetik bestera dabil jendea, presaka, agobio mental askorekin, berez agobioak ez diren baina hala definitu dituenekin; ez diren arazo artifizial pila batekin bizi da jendea. Aurpegietara begiratzen diozu jendeari, eta zoriontasun gutxi ikusten duzu. Ikusten duzu agobio existentzial bat, jendea ezin delako iritsi gauza guztietara. Baina nork esan dio gauza guztietara iritsi behar duela?  Gauza asko inkontzienteki onartuz bizi garela iruditzen zait; askotan, gure kontrako mezuak onartzen ditugu, batere kuestionatu gabe”. Ideia horretatik abiatuta, nork bere bizitza maitatzeko deia egin du idazleak bere azken lanean. Hortik izenburua: Maitatu zure egunak (Erein).

Aristik uste du poesiak gaur egungo bizitza "deskribatzeko eta deszifratzeko" balio dezakeela. “Nire poesia poesia soziala da, gaur egungo bizitzarekin lotuta dagoen literatura; nik hala bizi dut”. Horregatik, inguruan sumatu dituen gaiak eraman ditu liburura, bost ataletan banatuta: harridura landu du batean, gizartearen eta norbanakoaren arteko tentsioa bestean, zahardadea hirugarrenean, egiaren eta ipuinen arteko aldea laugarrenean, eta egoak azken urteetan izan duen inflazioa bosgarrenean.

Gertatzen denaren eta gertatuaz kontatzen denaren arteko aldea “oso gai interesgarria” iruditzen zaio idazleari. Haren esanetan, gertaera baino gehiago, gertaera horretaz kontatua geratzen da jendearen oroimenean. "Gauza batzuk ondo ikusiak daude: adibidez, zure etxeko bat hiltzen baldin bada, triste egon behar duzu, negarrez eta lur jota. Eta esaten baduzu: ‘Eskerrak hil den, pozten naiz hil delako, asko ari baitzen sufritzen’, inork ez luke ulertuko zu pozik egotea. Senti dezakezu hori, baina ezkutatu egiten duzu, eta minduta zaudenaren itxura egiten duzu. Gertatzen dena da kulturak berak baldintzatzen duela kontakizuna, eta hori ere salatzen dut nire poemetan. Ez da sinetsi behar esaten dizuten guztia, zalantzan jarri behar da beti. Nondik ote dator mezu hori? Zer lortu nahi ote dute? Hori da nire poemetan ageri den jarrera”.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean