Gaztetxean eskura daitezke IAk antolatutako Eskola Ibiltarirako bonoak

Uztarria.eus 2018ko eka. 19a, 22:07

Azpeitiko IAko kideen hitzetan, Eskola Ibiltariaren helburua da "ikasturtean zehar Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan emandako borrokak eta lan-ildoak elkarbanatzea, eta horien inguruan hausnartzea". Egun bateko bonoak 8 eurotan daude eskuragarri Gaztetxean; lau egunetarako bonoak, berriz, 20 euroren truke eskura daitezke. 

Dagoeneko salgai daude Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak antolatutako udako Eskola Ibiltarirako bonoak Azpeitiko Gaztetxean.

Urrats bat marraztuz etorkizunean lelopean egingo dute udako ekimena aurten, eta uztailaren 25etik 28ra bitartean izango da. Irurtzunen hasi eta Altsasun amaituko dute Eskola Ibiltaria bertan parte hartzera animatzen diren lagunek.

Hiru eguneko egitaraua prestatu badute ere, egun batez edo bi egunez joateko aukera ere izango da.Egun bateko bonoak 8 eurotan daude eskuragarri Gaztetxean; lau egunetarako bonoak, berriz, 20 euroren truke eskura daitezke.

Formakuntza, hausnarketa eta aisia

Azpeitiko IAk jakinarazi duenez, hainbat helburu ditu Eskola Ibiltariak: "Ikasturtean zehar Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan emandako borroka eta lan-ildo ezberdinak elkarbanatzea eta horien inguruan hausnartzea da egingo duguna". Horrez gain, aisialdirako tartea ere egongo dela diote: “Euskal Herriko txoko ezberdinetako ikasleok elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko aukera paregabea izango da”.

Egitaraua zabala izango da, eta denetariko ekintzak egingo dituztela azaldu du ikasle antolakundeak. Izan ere, goizero egingo dituzten herriz herriko ibilaldiez gain, bazkari herrikoiaren ondoren, hitzaldi, tailer nahiz kontzertuez gozatzeko aukera izango dute Eskola Ibiltarian parte hartzen duten lagunek.

Azpeitiko IAk, herriko ikasleak animatu nahi ditu ekimenean parte hartuz ondo pasatzera eta ikastera.

Azken Eskola Ibiltaria 2014. urtean egin zuen Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Orduko hartan, Ziburun abiatu zuten mugarik gabeko eskola, eta Donostian amaitu zuten ibilbidea. Topatu gazte proiektu komunikatiboak egindako laburpen bideoa da honako hau: