Iñaki Urangaren kartelak iragarriko ditu XXXVI. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2018ko eka. 19a, 13:58
Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak iragarriko dituen kartela.

Bederatzi proposamen aurkeztu dituzte lehiaketara, eta epaimahaikideen iritzia nahiz herritarren botoak kontuan izanda, erabaki dute Urangaren kartela dela onena. 900 euroko diru saria jasoko du egileak.

Ohi bezala, azaroan izango dira Euskal Antzerki Topaketak, eta gaur jakinarazi du Udalak zein kartelek iragarriko duen aurtengo jaialdia: hain zuzen ere, Iñaki Uranga azpeitiarrak egindako lanak. Guztira, bederatzi kartel aurkeztu dituzte lehiaketara, eta horiek ikusgai izan dira egunotan Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Epaimahaikideen nahiz erakusketan botoa eman duten herritarren iritzia kontuan izanda erabaki dute Urangaren kartela izan dela aurkeztutako proposamenen artean onena.

Urangak 900 euroko diru saria jasoko du lehiaketa irabazteagatik, eta, horrez gain, bere lanak iragarriko ditu aurtengo topaketak. Gaur itxiko dute Foru Ibilbideko erakusketa.