Azpeitiko Argazki Elkartearen barne lehiaketako irudiak ikusgai, Sanagustinen

Uztarria.eus 2018ko eka. 18a, 15:01

Ikusgai dago Azpeitiko Argazki Elkartearen (AAE) 12x12 barne lehiaketako irudiekin osatutako erakusketa Sanagustin kulturgunean. Joan den ostiralean, ekainaren 15ean, zabaldu zuten, eta hilaren 29ra arte egongo da zabalik.

Erakusgai jarri dituzten argazkiak 2017ko aurreneko sei hilabeteetan saritutakoak dira, eta honako argazkilarienak dira: Iñaki Aranburu, Gorka Arregi, Alberto Beloki, Mikel Cagigal, Iñaki Etxenagusia, Juan Mari Ibartzabal, Angel Olabarria, Iñigo Olarte eta Erkaitz Regillaga. Elkarteko kideek streetphoto, autorretratoa, barrukaldea, mendia, kontrargia eta makroa gaiak jorratu behar izan zituzten.

AAEk hilabetero egiten duen barne lehiaketa da 12x12. Parte-hartzaileek hilero argazki bat aurkezten dute urtearen hasieran aukeratzen diren 12 gaien arabera, eta hilaren bukaeran argazki guztiak elkarteko kideen artean baloratzen dituzte.