Urrestillako sanjuanak 2018

Eman daiteke izena sanjuanetako patata tortila txapelketan

Uztarria.eus 2018ko eka. 18a, 15:16
2017ko sanjuanetako patata tortila txapelketako irudia.

Txapelketan parte hartu nahi dutenek bakarrik edo binaka egin dezakete. Parte-hartzaileek 18 urte baino gutxiago izanez gero, heldu baten laguntza izan beharko dute. Ostiralean itxiko da izena emateko epea.

Hasi da udako solstiziorako atzerakontua; bertan dira San Juan festak, eta Urrestillako festa batzordeko kideak hasi dira jaietarako azken prestaketekin. Asteburuak utzitakoaren ostean, zabalik da sanjuanetako patata tortila txapelketarako izen-ematea. 

Ekainaren 26an, asteartea, izango da patata tortila txapelketa. Parte-hartzaileek 17:30erako egon beharko dute Urrestillako elizaren atarian, eta 18:30ean hasiko dira jakiak prestatzen. Ordubete izango dute tortila prestatzeko. 

Urrestillako festa batzordeak sua, arrautzak, patatak, olioa eta gatza emango dizkio parte-hartzaile bakoitzari. Beraz, txapelketan izena ematen duten lagunek honako gauza hauek eraman beharko dituzte: zartagina eta tortilari gehitu nahi dion beste edozein produktu. 

Txapelketan parte hartu nahi dutenek ostiralera bitartean egin dezakete izen-ematea, Facebook bidez Urrestillako Festa Batzordea kontura mezu bat idatzita edo 639-04 28 61 zenbakira deituta. Patata tortilarik goxoena egin nahi duten lagunek banaka edo binaka eman dezakete izena txapelketan, eta 18 urte azpikoek heldu baten laguntza izan beharko dute. 

Urrestillako festa batzordeak dei egin die adin guztietako herritarrei txapelketan parte har dezaten: "Animatu arratsalde dibertigarri bat igarotzera eta sukaldari sena plazara ateratzera".