Martxan da infantil nesken Azpeitia Cup

Uztarria.eus 2018ko eka. 16a, 15:31

Joan den asteburuan kimu mutilena jokatu ondoren, asteburu honetan infantil nesken Azpeitia Cup lagunarteko futbol txapelketaren txanda da Garmendipeko zelaietan. Inoiz baino talde gehiago lehiatuko dira gaur eta bihar artean jokatuko den txapelketan. Gaur, goizean goiz hasi da egun osoz luzatuko den sailkapen ligaxka. 09:00etan hasi dira lehendabiziko neurketak, eta lehiak ez du etenik izango arratsera arte; ordu erdiro launa partida ari dira jokatzen, zelai nagusian eta artifizialean, eta 18:00etan hasiko dira azkenak.

Bihar ere 09:00etan hasiko da final laurdenetako ligaxka. Launaka jokatuko dira partidak, ordu erdiero hasita; 11:30ean jokatuko dituzte azkenak. Finalaurrekoak, berriz, 12:10ean hasita jokatuko dituzte, eta 12:45ean hasiko da hirugarren eta laugarren postuak zehazteko neurketa. Finala, azkenik, 13:15ean hasiko da.