Eraso sexistak eta erasotzaileenganako babes soziala salatu dituzte ehun lagun baino gehiagok

Uztarria.eus 2018ko eka. 15a, 21:15
Ehun lagunetik gora bildu dira plazan, 'Erasotzaileak gure herrietatik kanpora' lelopean.

Urola Kostako hainbat eragilek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean plazan, Erasotzaileak gure herrietatik kanpora! lelopean. "Erasoen auziari sozialki heltzen hasteko garaia" dela nabarmendu dute.

Azpeitiko Gaztetxeak, Basanderiek eta Sostenipe asanblada feministek eta Zestoako zenbait emakumek deituta, sexu erasoen aurkako elkarretaratzea egin dute gaur, ostirala, 18:30ean, Azpeitiko plazan. Erasotzaileak gure herrietatik kanpora! lelopean, ehun lagunetik gora elkartu dira, "eraso sexistak gaitzesteko eta erasotzaileenganako babes soziala salatzeko".

Elkarretaratzearen deitzaileek nabarmendu dutenez, eraso bat gertatzen denean, "erasotzaileaz gain, hura babesten eta justifikatzen dutenek ere ardura maila altua" izaten dute. "Konplizitate horrekin apurtzea eta eraso sexistekin amaitzea denon ardura da; gure ardura da", adierazi dute.

"Eraso sexistak ez dira kasualitatez gertatzen, ez dira kasu isolatuak. Jendarte matxista oso baten erakusleak dira, jendarte patriarkala hezurretaraino sartuta dugula adierazten dute. Hasi instituzioetatik eta kaleko egunerokoraino, guztion ardura da jendarte hau denontzako bizigarria izango den espazio bihurtzea", erantsi dute.

Egoera horren aurrean, uste dute "erasoen auziari sozialki heltzen hasteko garaia" dela: "Emakumeen zein, oro har, maskulinoak ez diren sexualitate ororen aurkako irainekin amaitzeko eta erasotzaileek izaten duten babes sozialarekin amaitzeko garaia iritsi da". Horregatik, emakume guztiei dei egin diete "elkarren arteko aliantzak egin eta autodefentsa praktikan" jartzera. "Ausartak gara eta libre izan nahi dugu".

Uda garaia bertan denez, kezka agertu dute elkarretaratzearen deitzaileek: "Gure herrietako festak gainean ditugu, eta erasoa edozein izanik ere, identifikatzea eta salatzea dagokigu. Goazen herritarrok erantzukizuna hartzera eta guztiontzat eta guztionak diren jaiez gozatzera".

Behin eta berriz nabarmendu dute erasotzaileak ez dituztela inguruotan nahi. "Ezta ekintza horiek bultzatzen eta babesten dituzten jokaerak ere. Eraiki dezagun errespetuzko errealitatea, babes gaitezen baboso eta erasotzaileen aurrean. Ez izan konplize! Erasorik ez erantzunik gabe! Erasotzaileak gure herrietatik kanpora!".